ALFREDO PEREIRO REKAKOETXEA

“Burukada eman zidatenean ez nekien guardia zibilak zirela, baina okerrena gero etorri zen”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abe. 18a, 21:07

Alfedo Pereiro Rekakoetxea txikitatik da Holandako Selekezioaren jarraitzailea. / Aiaraldea.eus

12 urte igaro dira Espainiako Futbol Selekzioak Munduko Kopa irabazi zuenetik. Alfredo Pereiro Rekakoetxeak buruan iltzatuta du finalaren eguna. Holandaren kamiseta zeraman, eta talka izan zuen guardia zibil talde batekin Laudioko taberna batean. 

Alfredo Pereiro Rekakoetxea beti izan da Holandaren Futbol Selekzioaren zalea. “1974. urtean ikusi nuen talde horren partida bat lehenbiziko aldiz, 12 urte nituela. Zur eta lur geratu nintzen, eta talde horretakoa izatea erabaki nuen, eta horrela esaten nien nire lagunei futbolera jokatzen genuenean”, oroitu du Laudioko bizilagunak, “ni berez Athleticekoa naiz, baina nazioarteko partidetan beti egon naiz Holandaren alde”. 

Gauzak hala, 2010ean Hegoafrikan lehiatutako Munduko Txapelketan, Pereiro Holandaren alde lerratu zen, ordura arte egin bezala. “Holandaren kamiseta jantzi eta partidak ikustera joateko ohitura nuen, baita guzti hau gertatu zen tabernara ere. ‘Naranjito’ deitzen ninduten bertan”.

Ohitura horri eutsi zion uztailaren 11n ere, Holanda eta Espainiaren arteko finalaren arratsaldean. “Tabernaren paretik igaro nintzen eta nire alabarekin CD Laudion entrenatzen zuten haur batzuekin egin nuen topo, 10-11 urte inguru zituztenak. Eurekin hitz egiten hasi nintzen eta esan zidaten finala ikusi nahi zutela, baina ez zietela tabernan bakarrik egoten uzten. Orduan, nirekin sartzera eta freskagarri bat hartzera gonbidatu nituen”. 

Sartu bezain laster ikusi zuen egoera Pereirok. “Espainiako zaleen talde bat zegoen, selekzioko kamisetak eta banderak zituzten eta Espainiako koloreekin marrak margotuta zituzten aurpegietan. Taberna handia da eta bi telebista ditu. Gauzak hala, beste puntan jartzea erabaki genuen”.

Baina egoera laster hasi zen tenkatzen: “guregana hurbiltzen hasi ziren haurrei gauzak esatera. Horietako batek Euskal Selekzioaren kamiseta zeraman. Orduan, joatea erabaki genuen, baina horretarako atera itzuli behar ginen. Haurrak Espainiako banderaren azpitik igaroarazi zituzten, pasillo bat eginda, espainiarrak zirela esaten zieten bitartean. Ni azkena nindoan. Haurrak atera zirenean gizon bat niregana hurbildu zen eta burukada bat eman zidan. Nik ez nekien orduan guardia zibilak zirenik. Iskanbila piztu zen orduan, baina ni ez nintzen askoz enteratu, nahastuta nengoelako kolpearen ondorioz. Kalera atera nintzenean pentsatu nuen: ‘Zer gertatu da?’”. 

Salaketa jartzea erabaki zuen orduan. “Ertzaintza deitu nuen eta datuak hartzera bertaratu ziren, baita haurren gurasoak ere. Anbutalegira joan nintzen eta sudurreko hemorragia gelditu zidaten. Kolpeak sudurra okertu zidan, baina ez zidan apurtu”.

Pereiroren hitzetan, hor amaitu zen eguna, baina okerrena iristear zegoen. 

“Haurrak Espainiako banderaren azpitik igaroarazi zituzten, pasillo bat eginda, espainiarrak zirela esaten zieten bitartean. Ni azkena nindoan. Haurrak atera zirenean gizon bat niregana hurbildu zen eta burukada bat eman zidan”

Epaiketan, errudun sententziatuta

Finala izan eta hiru egunera izan zen epaiketa, asteazkenean. “Falta-epaiketa baterako deitu ninduten. Astelehenean iritsi zitzaidan jakinarazpena, esanez ni ere salatu nindutela. Nik ez nuen epaiketez asko ulertzen. Lagun abokatu batekin hitz egin nuen eta esan zidan falta-epaiketa baterako ez nuela abokaturik behar, oso gauza arina zelako. Gauzak hala, bakarrik joan nintzen”. 

Espero gabeko egoera batekin egin zuen topo Pereirok epaitegian: “4-5 guadia zibil agertu ziren, abokatu batekin. Politikari batzuk ere agertu ziren, bizkartzainekin. Niri begiratzen ninduten eta barre asko egiten zuten. Nik gertatutakoa kontatu nuen epaiketan eta guztiek deklaratu zuten ez zutela hori ikusi. Kontrara, bertsio berdina plazaratu zuten guztiek: nik emakume bat lepotik heldu nuela”. 

Emakume horrez gain, beste lau pertsonek deklaratu zuten Pereiroren aurka, tabernako jabea tartean. Setentzian jasotako bertsioaren arabera, umeetako batek emakumeak zeraman Espainiako Bandera paretik kendu zuen, eta honek "azalpenak" eskatu zizkion. Orduan, Pereirok lepotik heldu zuen emakumea, eta burukada eman zion pertsonak banatu zituen. 

Sententzian ez da aipatzen deklaratu zuten pertsonak guardia zibilak zirenik, baina bai aipatzen da "lankideak eta lagunak" zirela. Hala ere,  epaiaren arabera, horrek ez zuen euren bertsioa indargabetzen. Gainera, emakumeak lesioen parte bat aurkeztu zuen epaiketan, eta baita Pereirori burukada eman zion gizonak ere. Sententziaren arabera, emakumeak “azaleko bi urradura” pairatu zituen “leporaren aurreko aldean”, eta beste bat eskumuturrean, bi egun behar izan zauriak artatzeko eta ez zuten arrastorik utzi.  

Gauzak hala, setentzia argia plazaratu zuen epaiak: burukada ez zuen frogatutzat eman, eta Holandako selekzioaren zalea kondenatu zuen 120 euroko isuna ordaindu eta emakumeari 72 euroko kalte ordaina ematera. 

Horren aurrean, bere bertsioari eutsi dio Pereirok: “Nik ez nuen epaiketan aurkeztu zen emakumea ezagutzen. Egin ez nuen gauza bategatik kondenatu ninduten, eta eurak libratu egin ziren. Gurasoren bat aipatu zidan haurretako bat eraman nezakeela lekuko moduan, baina nik ez nituen afera horretan sartu nahi. Abokatu batekin kontsultatu zuen gero, eta esan zidan ez zuela pena merezi helegitea jartzeak”. 

“Niri hiru egunetan prestatu zidaten muntajea: partida igandean izan zen eta asteazkenerako lekukoak eta mediku parteak zituzten”

Ekimena Laudioko jaietan

Epaiketa hura izan zen gauzarik gogorrena Pereirorentzat. “Denbora asko eman dut izorratuta kontu honekin, gogoratze hutsak hotzikarak sortzen dizkit. Txorrada bat da, berez, baina oso bakarrik sentitu izan naiz. Jendeak ez zaitu sinesten, beti galdetzen didate ea nik zer egin nuen, eta nik ez nuen ezer egin. Zer egingo nuen nik bertan zeuden 10 guardia zibilen aurka? Espero nezakeen eurek deklaratzea ez zutela ezer ikusi, baina istorio bat asmatzea?”.

Kanpora joatea erabaki zuen orduan, lagun batekin Santiago bidea egitera, deskonektatzeko. Bidaia horretan zegoela, jaietako kuadrillek ekimen bat egin zuten sanrokeetan. Zapi laranjak jantzi zituzten kalejira batean, eta tabernatik igarotzean bertan bota zituzten. “Lagun batek kontatu zidan telefonoz, eta negarrez hasi nintzen".

Beste elkartasun keinu batzuk ere jaso zituen hurrengo hilabeteetan: “Ezagutzen ez nuen jendea bertaratzen zitzaidan gertatu zitzaidana ulertzen zutela esan eta babesa adieraztera”. 

“Altsasuko kasua ikustea nire bergogoraraztea bezalakoa izan zen, hurak askoz ondorio larriagoak izan zituen arren”

Altsasuko auziarekin antzekotasunak

Tabernak, jai giroa eta guardia zibilak. Bi kasu ezberdin izan arren, Laudion gertatutakoak baditu antzekotasunak handik urte batzuetara Altsasun jasotako kasu entzutzetsuarekin. “Altsasukoa askoz kasu larriagoa da, noski, izan zituen ondorioetan batez ere. Hori ikustean niri gertatutakoa bergogoratzea bezalakoa izan zen. Oso-oso agerikoa zen. Niri hiru egunetan prestatu zidaten muntajea: partida igandean izan zen eta asteazkenerako lekukoak eta mediku parteak zituzten”. 

12 urteren ostean, muntaje polizialek nola funtzionatzen duen ikasteko balio izan dio gertatutakoak Pereirori: “Beti sortzen zaizkizu zalantzak horrelako kasuetan, beti dagoelako bertsio ofizialen bat, baina orain argi dut nola funtzionatzen duen jende honek, nire azalean bizi izan dudalako”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide