Iholdi Beristainek taldeko aktorerik onenaren saria jaso du Erroman ‘Daniel|a|’ websailean egindako lanagatik

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 21a, 12:00

Erromako Digital Media Fest jaialdian jaso zuen Beristainek aktore onenaren saria, joan den asteburuan. / @piszifaktoria

Urrian irabazi zuen Mikel Ayllon laudioarraren gidoian oinarritutako ekoizpenak Euskal websailik onenaren saria. Horri esker, nazioarteko hainbat jaialditan egon da Daniel|a|, eta Erromako Digital Media Festen emakumezko aktorerik onenaren saria eman diote Iholdi Beristaini, Ipar hezurmamitzeagatik.

Urriaren 21ean banatu zituzten Guggenheim Museoan VII. Serielsland sariak, Euskadiko Serie Digitalen Nazioarteko jaialdian. Euskal websailik onenaren saria eskuratu zuen bertan Daniel|a| proiektuak, Mikel Ayllon laudioarraren gidoian oinarritutakoak. Gainera, Gabriel Ocinak gizonezko aktorerik onenaren saria jaso zuen.

Izendapenari esker, nazioarteko beste hainbat jaialditan parte hartzeko aukera izan du Daniel|a webseriearen lantaldeak. Rio de Janeiroko (Brasil) Rio Web Festen eta Erromako (Italia) Digital Media Festen izan dira. Azken jaialdi hau joan den asteburuan ospatu zen eta poz handia ekarri zien Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideei. Izan ere, webseriea proiektatu eta ondorengo sari banaketan Iholdi Beristainek emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Iparren paperagatik.

Mikel Ayllon gidoilariak Aiaraldea Komunikabideari kontatu dionez, “lantalde osoarentzako poz handia izan da eta Iholdi bera ere oso pozik dago. Polita da ez bakarrik etxean, kanpoan ere egindako lana aitortzea eta gustatu zaiela ikustea”. Jaialdia online jarraitu behar izan zuten, agenda kontuengatik ezin izan baitziren Erromara bertaratu.

Erromako Digital Media Fest jaialdian taldeko aktore onenaren saria jaso ostean, Amerikako Estatu Batuetan eta Alemanian dute ikusmira jarria Daniel|a| webseriearen egileek.

Ikusmira Alemanian jarria

Brasildik Italiara joan ondoren, gutxienez hiru helmuga garrantzitsu geratzen zaizkio Daniel|a| webserieari. Datorren urtean Miamiko (AEB) Miami Web Fest eta Los Angeleseko (AEB) LA Web Fest jaialdietan egongo dira, eta Europako festibal handi batera joateko aukera ere izango dute proiektuko kideek, Alemaniako Die Serialera, hain zuzen, webserieei eskainitako Alemaniako jaialdirik zaharrena. Ekainean ospatuko dute eta Ayllonek berak azpimarratu du “Europan egiten den kultura digitalaren inguruko jaialdirik garrantzitsuenetakoa” dela. Horretara bai, lantaldea eramateko aukera izango dutela espero du.

‘Hau gerra bat da’

Pozik egoteko arrazoi gehiago ditu Piszifaktoria Ideien Laborategiak. Izan ere, astelehenean bertan jakinarazi zuen Euskararen Etxeak euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza emango ziola Hau gerra bat da egitasmoari. Zehazki, 3.000 euro jasoko ditu taldeak lana ekoizteko eta 2023ko udazkenean Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan erakusteko aukera izango dute.

Gerrari buruzko formatuko txikiko ikuskizun bat prestatzen ari da Piszifaktoria eta Euskararen Beka bat jaso du horretarako.

Mikel Ayllonek aurreratu duenaren arabera, formatu txikiko lana izango da, 30-50 lagunentzakoa, asko jota. “Intimitatea” bilatu nahi dute, ikuskizunaren berezitasunengatik. Izan ere, gerra du gai nagusi eta publikoaren parte hartzea ezinbestekoa izango da pieza osoan zehar. “Gerraren inguruko hausnarketa egiteko balioko duen ikuskizun bat izango da”, zehaztu du lanaren gidoilari eta zuzendariak. “Gure helburua da nola edo hala gerra bat antzeztea, bertan elkartzen garen jende guztiarekin gerra bat bizitzea”, gaineratu du.

Diziplina ugari nahastuko dituzte horretarako, musika, dantza, aktoreen lana, hitza eta mugimendua kasu. Artistak eta publikoa ere nahasiko dituzte, “inolako bereizketarik gabe”, eta unean bertan hainbat erabaki hartu beharko dituzte guztien artean. Horrek zehaztuko du ikuskizunak nondik joko duen.Ikuskizun berezia izango da, egiten den aldiro desberdina izango delako bertan dagoen jendearen arabera eta hartzen diren erabakien arabera”, azpimarratu du Ayllonek.

Askoz gehiago ez du aurreratu gidoilari laudioarrak. Konfirmatu duen bakarra da berak sortuko duela eta zuzendari lanak egingo dituela, eta Igor Arzuaga arduratuko dela musika eta soinu giroa konposatzeaz, zuzenean taula gainean egoteaz gain. Hortik aurrera, aktore bat eta dantzari bat egongo direla ziurtatu du; baina, behin betiko berrespenen faltan, ez du izenik argitara eman.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide