ANDER AÑIBARRO MAESTRE

“Zergen berrikuspena oso gauza inportantea da udal baten jardunean, herritarrek zerbitzu egokiak jaso ditzaten”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 4a, 07:00

Ander Añibarro Maestre alkatea, udaletxeko eskaileretan. / Aiaraldea.eus

Ander Añibarro Maestre 2019an izendatu zuten Laudioko alkate. Udalak dituen erronka nagusiez eta 2022. urteak utzitako mugarriez mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Legealdi zaila zela zenioen iaz, baina 2022a urte hobea izango zela iragarri zenuen. Hala izan al da?

Nik uste dut urte ona izan dela, kontuan harturik proiektu asko aurrera doazela. Aurten 2023ko aurrekontuak urtea amaitu aurretik onartu ditugu berriro ere, oposizioko talde baten babesarekin gainera.

Proiektu asko ere aurrera atera dira. Horien artean antzokiaren obra esleitu berri dugu, eta obrak berriki hasiko dira. Gainera, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere hitzartuak ditugu hainbat inbertsio. Horiek ere proiektu berrietan egikarituko dira. Zenbakitara ekarrita, legealdi honetan 30 milioi euro baino gehiago eskuratu ditugu kanpotik etorritako inbertsioetatik: anbulategi berria, Nerbioi ibaiko obra guztiak, parkeko obrak, Laudio Glass Hub… 300.000 euro baino gehiago bideratu ditugu aurrekontu-partehartzaileetara, eta inbertsio hauen arrakasta ikustea besterik ez dago; pump-track pista leporaino dago beti. Lamuza Parkeko jolas parkea aldatzea proposatu ziguten ere, eta horretan ari gara, nik uste herritarrek gustuko izango dutela aldaketa.

Zailtasunak ere izan dira inbertsio batzuk aurrera ateratzeko, antzokiaren lizitazioan, esaterako.

Ez bakarrik antzokian, hainbat izan dira hutsik geratu diren kontratuak. Santa Luziako obren lizitazioa ere hutsik geratu zen eta igoera bat ezarri behar izan genuen, baita Etxebarri baserriko obren lizitazioan ere. Kasu guztietan igo behar izan genuen prezioa. Egoera zaila da, ez bakarrik prezioek gora egin dutelako, baizik eta izugarrizko lan-karga dagoelako eraikuntza  enpresetan.

Zorionez, antzokiaren proiektua bideratuta dago honezkero, eta hau egikarituko dugunaren ziurtasuna daukagu. Hogei urte baino gehiago daramagu azpiegitura honen atzetik, Pablo Gorostiagaren garaietan ere honetaz hitz egiten zen. Ulergaitza da Laudio bezalako herri batean antzokirik ez izatea. Mugarri garrantzitsua izango da.

Uste dut udaletxe gisa egoera onean gaudela: kontuak saneatuta ditugu eta diru bilketa eguneratuta daukagu. Arlo horretan korporazio honek egundoko lana egin du tasak eguneratzen eta gure gisako beste herri batzuekin parekatzeko ahaleginean.  Zergen-berrikuspena egin dugu, hori oso gauza inportantea da udal baten eguneroko jardunean, herritarrek zerbitzu egokiak jaso ditzaten.

Urte honetan zehar, eta onartu berri diren aurrekontuetan, kulturaren aldeko inbertsioa aldarrikatu nahi izan duzue. Nola materializatuko da hori?

Kulturarekiko gure konpromisoa handia da. Kultura beharrezkoa dela uste dugu gure herriarentzako. Aurtengo aurrekontuetan %23,8 igo da kultur arlora bideratutako partida, eta Udal honetako bigarren arloa da, obra eta zerbitzuen arloaren atzetik.

Beste hainbat egitasmo ere jarri ditugu arlo honetatik martxan: Kultudaberria ekimenaren barruko emanaldiak, Kultura Kontseiluaren sorrera… Hau are garrantzitsuagoa izan da pandemia baten osteko egoera batean.

Orain arte Udalak talde kulturalak finantzatu ditu, eurek osatu zezaten herriko agenda kulturala. Aurten urrats bat eman dugu, eta eragileek ez ezik Udalak ere propio antolatzen ditu ekimen kulturalak. Horren adibide argia izan dira abuztuko jaiak: egundoko pizgarria izan dira herritarrentzat. Aurten jaietako ekintzetan egon den jende kantitatea ez da inoiz egon, eta horrek dirua ekarri du herrira.

Urtearen birpasarekin jarraituz, aurten bukaera eman zaio Aretako hiltegiaren aferari, baita judizialki ere. Zer nolako balorazioa egiten duzu?

Kontu zaila izan da hiltegiaren afera. Prozedura judiziala ere nahiko arraroa izan da; hasiera batean kanpoan geratu nintzen ni, gerora, zorionez, Natxo eta Miguel Angel kanpoan geratu ziren ere. Guk hasieratik argi geneukan, eta teknikariek hala helarazi ziguten ere, eraikin horrek ez zituela beharrezko baldintzak betetzen.

Guk diru-laguntzak atera genituen sakrifizioak egiteko bidaien gastuak kubritzeko. Sei hilabetetan diru-poltsatik 2.000 euro gastatu dira bakarrik, soilik lau abeltzainek eman dutelako izena diru-laguntzan.

Behin afera hori itxita, erakunde publiko zein abeltzainek sortutako egitasmo pribatuarekin izan ditugu bilerak, hiltegi zaharrak utzitako hutsuneari irtenbidea bilatzeko asmoz. Proiektu bat dago mahai-gainean, eta hori bideragarria baldin bada, gure aldetik ez da inolako arazorik egongo gauzatu ahal izateko. Oraindik asko garatu behar da proiektu hori, ikusiko dugu fruituak ematen dituen. Udala hitz egiteko prest dago, baita lur zati bat lagatzeko ere, baldintza guztiak betetzen badira.

Udal hiltegiaren erakina Gazte Asanbladari eskaini zenioten otsailean. Nola kudeatu da Udaletik Gaztetxearen hustea?

Gauza bat utzi nahiko nuke argi, aurretik ere azaldu izan dudana: hiltegiaren erakina eskaini genuen, ez egokiena zelako, baizik eta une horretan, eta Gaztetxeak eskatzen zituen baldintzei begira, eskura zegoen bakarra zelako. Urte hasieran hainbat elkarrizketa izan genituen Gaztetxeko kideekin; eurak izan ziren, hain zuzen ere, negoziazio mahaitik altxatzea erabaki zutenak. 

Une batean esan ziguten ez zekitela ea gurekin gehiago bildu nahi zuten ala ez.  Gure aldetik azaldu genien prest geundela alternatibak bilatzen jarraitzeko. Hori bai, hainbat gauza hartu behar dira kontutan: zenbat gazte diren, zer baldintzetan eta zertarako nahi duten espazioa. Kontzertuak egiteko bada, hasieran planteatu bezala, ez du edozein espaziok balio. Atea zabalik utzi genuen, baina ez dugu gaur arte inolako berririk jaso.

Gaiaz aldatuta eta hizkuntz-politiketara pasatuz; urtarrilean epaile batek arrazoia eman zion Udaleko langile bati euskara hizkuntza zaila zela ebatzita. Nola jaso zenuten albistea?

Argi hitz eginda, epaile horren ebazpena aberrazio hutsa zen. Udaletxe honetan teknikari batek haurrekin, gazteekin eta esolekin lan egin behar badu euskara jakin beharko du bai ala bai. Konstituziora joango naiz, honek euskara hizkuntza koofizial bezala izendatzen du, hots, gaztelania eta euskara parekatzen ditu, eta hori bete beharra dago. Hare gehiago, administrazioak aukera ematen die hizkuntz profila betetzen ez duten langileei euskara ikasteko.

Europar Batasuneko Kultura Komisioak berak, EAJk luzatutako galdera bati erantzunez, gaitzetsi zuen epaile horren ebazpena.

Aurrera begira jarrita, nolakoa izango dela aurreikusten duzue hastera dagoen urte berria?

Urte berezia zalantzarik gabe. Hauteskundeak ditugu tartean eta horrek eragina du administrazioaren ohiko jardunean, apiriletik ekainera arte tramitazio asko gelditu beharko ditugu eta. Aurrekontuak onartuak ditugu honezkero, beraz, gure asmoa da urtarrileko lehenengo egunetik hainbat kontu aurreratzen joatea: pleguak, kontratazioak, jaietako diru-laguntzak…

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide