Euskararentzako urte handia izan behar zuen 2022ak eta, oro har, hala izango zen, urte hasieran lerroburu guztiak zipriztindu zituen albiste batengatik izan ez balitz. Alea komunikabideak eman zuen notizia otsailaren lehenean: epaile batek euskararen zailtasuna erabili zuen argudio gisa Laudioko Udaleko langile bat berriz kontratatzea agintzeko, sei urtetan zegokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu ez bazuen ere.
Langilea 2014tik ari zen bitarteko funtzionario gisa. Postu hori betetzeko hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar zuen, baina lehenengoa baino ez zuen aurkeztu, eta 2020an kaleratu egin zuten. Langileak auzitara eraman zuen Udala eta Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiko epaile batek, Ana Maria Martinez Navasek, arrazoia eman zion, euskara “munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena” dela argudiatuta. Udalari langilea berriz kontratatzeko eta Gizarte Segurantzan kotizatzen zuenaren araberako kalte ordaina emateko agindu zion.
Epaiak “oso aurrekari arriskutsua” ezartzen zuela iragarri zuen Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, horrelako kasu gehiago etor daitezkeela ohartarazita
Argudioaren funtsak (edo horren gabeziak) piztu zituen lehen alarmak; gerora etorri ziren argudioa Interneteko blog batetik kopiatua zela frogatzen zuten albisteak edota epaile hura zela 2018an El Mundo Today hedabidea auzitara eraman nahi izan zuena albiste satiriko batengatik. Irailean berriz izan zen notizia Martinez Navas: UGTren helegite bati arrazoia eman zion, esanez ez zela beharrezkoa euskarazko B2 maila izatea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzainen lan poltsetara sarbidea izateko. Laudioko kasuari dagokionez, ezinbestean haserrea eta kezka piztu zituen epailearen erabakiak, eta erantzunak zientoka izan ziren sare sozialetan, kaleetan eta instituzioetan. Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak Airaldea Komunikabideari azaldu zion euskara hizkuntza zailenen artean kokatzen duten zerrendak “erabat azientifikoak” direla, oso hedatuak egonagatik. Epaiak “oso aurrekari arriskutsua” ezartzen zuela iragarri zuen adituak, horrelako kasu gehiago etor daitezkeela ohartarazita.
Euskal Herriko eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluek elkarretaratzea deitu zuten albistea zabaldu zen astean bertan eta Laudioko Udalak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. EAJk, bere aldetik, Europako Batzordera eraman zuen afera eta Bruselaren erantzuna argia izan zen: argitu zuen oposizioetan ez duela neurtzen hizkuntzak ikasteko zailtasuna, eta ez duela inoiz lehiaketarik bertan behera utzi arrazoi horregatik.