"Londresekin amodio eta gorroto harremana daukat, baina Mental Issues taldean jotzeak laguntzen nau bizirauten"

Erredakzioa 2023ko urt. 7a, 14:00

Gorka kamiseta grisa jantzita Mental Issues taldekideekin./ M. I.

GORKA FC-k (Laudio, 1982) Mental Issues taldean jotzen du. Londresen bizi da duela hamarkada bat baino gehiago eta Mario taldekidearekin mintzatu da hiriari eta musikari buruz.

Nola deitzen da zuen taldea?

Mario: Bere izena da Mental Issues eta esanahia da 'buru osasun arazoak'. Entsegu bakoitza ospitale psikiatriko baten jolastokia da eta laupabost urte egin ditugu elkarrekin. Gorka eta biok hasi ginen bere etxean jotzen eta bizilagunak izorratzen. Gero batu zitzaigun Orazio baxuan eta geroago zenbait abeslari izan genituen; Borroka edota Cuco. Onenak eta azkenak dira Roswell eta Fernandisco, baina Borrokarekin abesti bat grabatu genuen. 

Leku anitzekoak gara, ni Lacomakoa (Madril), Gorka Murtziakoa (barreak), Fernandisco Fenekoa (Galizia), Orazio Foggiakoa eta Roswell Bretainakoa. 

Gorka: Izena gure neurrira eginda dago. Oso ondo pasatzen dugu eta entsegu bakoitza ia kontzertu bat bezalakoa da. Niretzat hobea, egia esanda. Izan ere, duela gutxi jo genuen gure lehen kontzertua eta ia egin nuen kaka gainean (barreak). Nire lehen aldia zen. Aitortu behar dut taldeak laguntzen nauela ohiana hutsa den Londres honetan bizirauten. 

Taldeak izan dituzue lehenago?

M: Oraziok, Fernandiscok eta hirurok jotzen genuen Red Cocks deituriko talde batean, baina beste musika tresna batzuekin, eta Fernandiscok orain egiten du hoberen egiten duena, abestea. Roswell eta Gorka berriak dira banda batean eta erritmoa eramaten. Taldea ez ezik, nik grabaketa estudioa ere badaukat eta Mental Issues grabatuko dut. 

"Lagun taldea gara eta hori da garrantzitsuena"

G: Oraziok beste talde bat izan zuen Italian, rock and rollekoa. Izan ere, Orazio da eskolako bateriajolea, oso ona. Saiatu zen niri klaseak ematen, baina amore eman zuen. Ez, egia esanda nik eman nuen amore, berak pazientzia handia baitu. Edonola ere, esan zidanean urte eta erdi igaro zuela bakarrik kutxari kolpeak ematen, pentsatu nuen hau ez zela niretzat. 

Mariok ere punk taldea izan zuen Madrilen eta besteok ez dugu esperientziarik. Gezurra badirudi ere, Fernandiscok ez du aurretik inon abestu, baina oso ona da. Rosswellek ezta ere, baina erraiekin abesten du eta oso politikoa da, taldeak behar zuena, alegia. Guztiok gaude oso estuki lotuta lagun talde moduan eta hori da garrantzitsuena.

Zenbat kontzertu eskaini dituzue?

M: Elkarrizketa erantzuten hastean, bakarra, zubi baten azpian eta lagunez eta txakurrez inguratuta, Hackneyn. Gero beste bat egin dugu, Cambridgen (hilabetea baino gehiago behar izan dugu elkarrizketa osorik erantzuteko). 2023rako hiru kontzertu proposatu dizkigute jadanik. Otsailaren 25ean bi eta apirilaren 29an beste bat.

G: Lehenengo kontzertua jo genuen Butcher Baby, Cabezas Cortadas eta Jawless hardcore eta punk bandekin. Kide gehienen lagunak gara eta bitxia bada ere, Mario Madriletik joan zenean, Jawlesseko batek hartu zuen bere tokia hango taldean. Hemen ezagutu ziren eta ez zekiten hori, behin hitz egiten ari zirela konturatu ziren. 

Hackneyn emandako lehen kontzertuari dagokionez, bi aldiz proposatu ziguten hor jotzea eta gauza bat edo bestela dela medio, ezin izan genuen baiezkoa eman. Irrikan geunden jotzeko, ze arraroa badirudi ere, oso soinu ona dauka tokiak. Hirugarren aldiz esan zigutenean, nahiz eta Fernandisco ez egon, aurrera egin genuen eta Roswellek primeran egin zuen berak bakarrik, nahiz eta bere lehen kontzertua izan. 

"Gure lehen kontzertua zubi baten azpian izan zen eta arraroa badirudi ere, oso soinu ona zuen tokiak"

Esperientzia berria zen berarentzat eta biontzat eta lehen taldea izan ginen. Oso berandu hasi zen kontzertua eta denbora luzez egon ginen urduri itxaroten, baina publikoaren erantzuna ikusgarria izan zen. Nik ez nuen sumatu oso kontzentratuta nengoelako baterian, baina antza jendeak aurrera egin zuen hasi ginenean.
Guri ez gintuen jende askok ikusi, 40 lagun inguru, baina gauaren amaieran 200 bat izango ziren. Jaialdi punk oso famatua egon zen aldi berean eta ez nuen espero publiko asko egotea.

Punkarekin harremana zenuten Londresera joan baino lehen?

G: Punka da antxoak bezala, ez baduzu gogoko, gorroto duzu eta gogoko baduzu, gustu hutsa baino gehiago da, hil egingo zenuke horregatik. Pasio hutsa da. Agian beste estilo batzuekin ere gertatzen da, baina nik bere garaian entzuten nuen Su Ta Gar, eta gogoko dut reggae, rap edo ska, eta, hala ere, punka ezberdina da. Guztiok pentsatzen dugu horrela taldean. 

Horrek ez du esan nahi beti punka entzuten dugunik, ona da bestelako soinuak entzutea, jakina, baina nire kasuan beti bukatzen dut punka entzuten. Talde berriak gogoko ditut, baina, adibidez, ez dut gogoko entzutea Estatu espainiarreko taldeak, zeinek duela hogei urteko gai berak lantzen dituzten. 

Hemen gertatu zait ez nuena espero, utzi diot taldeen mezuari horrenbeste erreparatzeari eta sortzen dizkidaten bibrazioei egiten diet kasu. Bide batez, esan behar da punk ingelesa apur bat penagarria dela mezuei dagokienez, Estatu espainiarrean baino nabarmen gutxiago baitaude politizatuak. 

"Punk ingelesa apur bat penagarria da, ez dago batere politizatua"

Ingalaterran badaude talde politikoak, nola ez; Oi Polloi, Discharge, Conflict... Baina, oro har, Cadillac bati abestu diezaiokete.

Han bizi nintzenean gogoko nituen mezu politiko zuzenak zituzten taldeak, eta horregatik, adibidez, ez nuen inoiz atsegin izan Extremoduro bezalako taldeak, oso onak izan daitezkela ukatu gabe. 

Edonola ere, nik punka gogoko izateko arrazoi bat dago nire haurtzaroari lotuta. Hain zuzen, umea nintzenean, nire gurasoen lagun batzuek, Carlosek eta Marijosek, gure etxera bizitzera etorri behar izan zuten, etxean termitak zituztelako. 

Carlosek lan egiten zuen Aceros enpresan eta garai horretan borrokan ari ziren. Orduan, ni umea nintzelarik, dena barneratzen nuen belaki baten moduan. Ikusten nuen gatazka sozial handia zegoela herrian eta nire etxeraino heltzen zela. 

Horrez gain, kontua da Mari Josek eta Carlosek zaindu nindutela bolada batez eta Carlosen autoan entzuten nituen Su Ta Gar, EH SUkarra, Barricada eta horrelako taldeak. Horiei esker erabaki nuen bateria jo nahi nuela. 

Ingalaterra izan zen punkaren jatorrietako bat, nolakoa da egoera orain?

M: Orain ez dago bere sasoi onenean, leku interesgarriak ixten ari dira, zeinetan kontzertu paregabeak egiten ziren. Madrilen bizitzen jarraitu izan banu, ez nituzkeen ikusiko hemen ikusi ditudan taldeak; Neubaten, Lotion, Melt Banana, Ho99o9, AIDS eta beste asko.

G: Punkaren jatorria den edo ez eztabaidagarria da, batzuek esaten dute The Ramones izan zirela lehenago, baina ospea hemen egin zuen generoak. Mariok esan bezala, ixten ari dira areto oso garrantzitsuak, adibidez, Grosvenor. Areto mitikoa zen, Londreseko hegoaldean, kontzertu bat ikusi nuen eta liluratu nintzen, bizpahiru aldiz egon nintzen. Londreseko 30 azken urteko onena. 

Dublin Castle edo Hope and Anchor aretoek zabalik jarraitzen badute ere, beste asko itxi dituzte. The Clashek lehenengo aldiz jo zuten tokia ere itxi dute. Itxi dituzte ere The Unicorn eta 12 Bar. Azken horretan talde mitiko ugarik jo zuten eta etxe berriak egiteko aitzakiarekin itxi zuten. Gero saiatu ziren beste toki batean irekitzen eta Booze and Glory han ikusi genituen, baina porrota izan zen, uste dut lokal hori pizza denda dela orain.  

Candem hiriko iparekialdean dago eta nabarmen usteldu bada ere, geratzen dira Coco, Round House (han ikusi genuen The Specials) Elephant´s Head, Black Heart,  eta The End of The World (han ikusi ditut Anti-nowhere League). Auzune horretan ikusi ditugu The Casualties, The Virus, Discharge edota Vibrators. One Hundred Club Islingtonen, baina erdigunea da eta Mc Donalds edo Primark bezalako negozio nazkagarriek inguratzen dute. 

"Areto asko oraindik irekita badaude ere, nire toki kuttunena itxi zuten; T. Chances. Komisaldegi baten aurrean zegoen"

Iparralden daukagu New River Studios, areto txikia baina bikaina, eta The Boston Arms, garrantzi handikoa, OWOD (Other Winter Of Discontent) eta Skin Head Invasion jaialdiak antolatzen baitzituen.

Oraindik irekita daude The Garage, New River Studios eta Overdrive Studios. Leku bikainak dira. Txikiagoak badaude ere, eta Alexandra Palace erraldoia da. Taberna txikiak ere geratu dira. 

Ez dut ahaztu nahi 229 aretoa, han Skatalites ikusi nituen, eta Jazz Cafe.

Erdialdean Pipeline dugu (han ikusi genituen Sham 69 eta Anti-Pasti), Borderline aretoa (The Boys ikusi nituen han), The 100 Club (Last Resort edota Conflict taldeek jo dute). Dena den, azken hori Primark edo McDonalds bezalako negozioek inguratzen dute eta nazkagarria da. 

Hegoaldean dugu The New Cross In, egun aktiboena dena.

Hala ere, dena ez da Londres. Brighton oso garrantzitsua da eta The Concorde, The Prince Albet eta The Hope and Ruin aretoak daude. Askoren artean Adicts, Varukers edo Menance ikusi ditugu. Beste leku batzuetan ere mugitu gara: Norwich, Bristol edo blackpool. 

Asko geratzen badira ere, nire kuttunena itxi zuten; T.Chances. Eraikin oso bat zen, eta kanpotik etxe okupatua zirudien. Bitxia zen, polizia komisaldegia zegoen aurrean. Han Discharge, Oi Polloi, GBH, Red Cocks... talde ugari ikusi genituen. 

"Londresera heldu nintzenean aztoratu nintzen, astebururo baitzegoen kontzertu interesgarri bat baino gehiago eta guztietara joan nahi nuen"

Ni orain lasaitu naiz, baina etorri nintzenean konturatu nintzen astebururo zegoela zerbait interesgarria. Asteburu guztietan. Guztiak ikusi nahi nituen eta aztoratzera heldu nintzen. Dirutza utzi nuen sarreretan bakarrik, garagardoak eta bidaiak aintzat hartu gabe. 

Edonola ere, hemen etxe okupaturik ez dago kontzertuak egiteko. Noizbait hori egiten bada da rave baten moduan; sartu, kontzertua egin eta bukatzean desagertu. Ez dauka zerikusirik Euskal Herriarekin.

Zein talde mitiko ikusi dituzue?

G: Guztiak. Jotzen ari direnak, gutxienez. The Sex Pistols ez ditugu ikusi, baina beste guztiak bai. Eta ez bakarrik punk taldeak, Madness, The Specials, Bad Manners, Skatalites... Eta behin baino gehiagotan. Ikusi nahi nituen guztiak ikusi ditut. Lehena izan zen The Fits eta bigarrena The Adicts. Ikusi dugun azkenengoen artean daude Toy Dolls.

Hala ere, punk talde oso garrantzitsuak egon ziren Londresetik at, Blackpoolen, Manchesteren edo Birminghamen, dena ez da Londres. Zentzu horretan, Blackpoolen abuztuan egiten dute jaialdi erraldoia eta talde guztiak daude. Ez soilik ingelesak, baita amerikarrak ere. Lau egun dira eta ez da bereziki merkea. 2014an egon nintzen lagun batekin, baina Londresen bizi bazara ikus ditzakezu talde guztiak. Rebellion Festival da bere izena.

Zein talderekin mugitzen zarete?

M: Gure egoera berean dauden taldeekin aritzen gara: Eskorputas, Romantic Dick, The Chain of Panic, Rehab is for Kuitters... Horretaz gain, ez dugu jende asko ezagutzen Londresen. Hemen ezagutu nuen Paco La Vida Es un Mus disketxeko arduraduna. Laudioko jendea ezagutzen du. 

G: Bai, beste talde batzuekin mugitzen gara. Hain zuzen, gure taldea bi talde dira, Red Cocks eta Mental Issues. Hiri handia da, baina buru osasunagatik mugatzen zara inguru batera. Eskorputasekin oso harreman ona dugu eta eurek gonbidatu gintuzten gure lehen kontzertura. Jende ugari ezagutzen dugu: Jawless, Blue Carpet, Overload...

Lagunak gara eta oholtzaren azpian daudenak, askotan oholtzaren gainean daude ere. Contract Killer taldea aipatu nahi dut, oso onak iruditzen zaizkit. 

Etorkinak izanda, nolakoa da bizitza han?

M: Nik oso gogoko dut Londres, baina aldi berean nazkagarria da, gero eta gehiago aberatsentzako hiria delako. Alokairuak izugarri garestiak dira, okupatzea oso zaila da eta jende apaleko auzuneak eraisten ari dira dirudunentzakoak egiteko. Nire auzoa oso ondo dago, judutar eta jonkien nahasketa perfektoa dugu.

G: Bai, etorkinak gara eta hiri honek interes handia sortzen du. Nire iritzia ezberdina da, Mariorekin alderatuta. Bera Madrilgoa da eta eraikin handiak gogoko ditu eta ni herri batekoa naiz. Ez dut gogoko Londres. Amodio eta gorroto harremana dut hiriarekin, baina taldeak aurrera egiteko gogoak ematen dizkit. Hemen gehien egiten duguna da lan egitea.

"Londres nahiko nazkagarria da politikoki"

Niretzat Londres kaka izugarria da; zarata handia, kutsadura, kaletik ez zaitu inork begiratzen -berdin dio biluzik bazoaz ere- eta inork ez zaitu laguntzen. Musikaren aldetik bikaina da, baina hiri erraldoia da, hau ez da Bilbo, ezta Madril edo Bartzelona ere. Arriskutsua da, euria asko egiten du eta oso goiz iluntzen da.

Politikoki nahiko nazkagarria da eta horrek isla dauka punkean ere, oso talde gutxi baitira -komertzialak- politizatuak direnak. Gu nahiko alternatiboak garenez, esaten dugu nahi duguna.

Hau kontraesankorra izango da askorentzat, talde panfletarioek ez nautela erakartzen esan dudalako, baina taldekideekin baterian eseri nintzenean, atera ziren lehen abestiak politikoak ziren eta hurrengoak ere. Amorrua askatzeko baliatzen dugu. 

Aiaraldeko norbaitekin egin duzu topo Londresen?

G: Nire kasuan, Orbeko Etxea okupatu genuen aspaldi -ea animatzen zareten guri kontzertu bat antolatzen hortik!-, Txitxarra Kolektiboko jendearekin eta han ezagutu nuen Iurgi, Lur taldeko abeslaria. Gero desagertu zen niretzat eta 2004an Londresera etorri nintzenean topatu nuen Candemen. Ezagutu nuen ahotsagatik, bizarra eta ile luzea baitzuen. Ilusio egin zigun eta beste batean egin nuen topo berarekin etxe okupatu batean. Aipatu zidan Radio Revolucion proiektua eta Londresetik Hego Amerikara joan zen. Uste dut denbora luze egon zela han eta arrakasta izan duela Euskal Herrian, pozten naiz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide