Yogurinha Borova artista laudioarrak crowdfunding kanpaina abiatu du, lan berria finantzatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 9a, 11:00

Hainbat proiektu gauzatu ditu Yogurinha Borovak LGTBQ+ aldarriak zabaltzeko, 'Meri, Mari eta Lari' antzezlana da horietako bat. / Aiaraldea.eus

Yogurinha Borovak proiektu berri bati ekin dio, aurtengo LGTBQ+ harrotasunaren egunaren testuinguruan abesti berri bat kaleratzeko intentzioz. Abestia Juan Sueiro musika-ekoizlearekin batera grabatzeko asmoa adierazi du artista laudioarrak. Crowdfunding kanpaina jarri du abian egitasmoa finantzatzeko.

Proiektu berri batean murgilduta dago Yogurinha Borova artista laudioarra. Bere helburua 2023ko LGTBQ+ Harrotasunaren egunerako abesti berri bat kaleratzea da, eta proiektua finantzatzeko finantzaketa kolektibo kanpaina bat jarri du abian. Crowdfunding kanpainari esker, abestiaren grabaketaren, bideokliparen eta gainerako material grafikoaren gastuei egin nahi die aurre Yogurinha Borovak.

Honezkero, 2.000 euro baino gehiago bildu ditu artistak, eta otsailaren erdialdera arte egongo da Internet bidez ekarpen ekonomikoak egiteko aukera. Proiektua finantzatu ahal izateko 6.000 euro beharko dituela aurreikusi du Yogurinha Borovak.

Juan Sueirorekin elkarlana

Abestiaren grabaketa Juan Sueiro musika-ekoizlearekin egiteko asmoa azaldu du artista laudioarrak, kanpaina aurkezteko plazaratutako bideoan. Estudio 54 diskoetxeko kidea da Sueiro eta Espainiako Estatuko musika talde entzutetsu askoren abestien atzean egon da urte luzez. Besteak beste, Fangoria eta La Casa Azul bezalako taldeen kantak ekoitzi ditu ekoizle galiziarrak.

Ibilbide luzea aniztasuna aldarrikatzen

Yogurinha Borovak urteak daramatza aniztasuna musikaren bidez aldarrikatzen. Drag artista laudioarrak hamaika proiektu plazaratu ditu LGTBQ+ edukiak gazteenen artean zabaltzeko helburuarekin. Orotariko gaiak landu ditu bere diskografia luzean: lodi-fobia, eraso sexistak, arrazakeria, eskola-jazarpena...

Proiektu musikaletatik haratago ere, bestelako lan artistikoak gauzatu ditu, betiere LGTBQ+ aldarriak presente izanik. Horien artean daude Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin batera prestaturiko Sentipenak Askatu ikuskizuna edota Maria Urcelayrekin batera taularatutako Mari, Meri eta Lari antzerki pieza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide