Txani Rodriguezen aste biziak: murala Zumalakarregin, nobela berria eta 'Los últimos románticos'-en itzulpenak

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 11a, 07:00

Idazle laudioarrak berriki jakin du bere eleberria bulgariarrera itzuliko dutela. Hilabete honetan Italian argitaratuko dute eta laster Turkian. Gainera, Gabonetan bertan nobela berria idazten amaitu du. Bestalde, atzo Kulturlab egitasmoak murala jarri zuen Zumalakarregin 'Los últimos románticos' eleberriko pasarte batekin.

Egun biziak izaten ari dira Txani Rodriguez idazle laudioarrarentzat. Atzo, Kulturlab egitasmoko kideek Zumalakarregiko horma batean mural handi bat itsatsi zuen 'Los últimos románticos' eleberriaren pasarte batekin. Egilea bera egon zen inaugurazioan.

Hori baino lehen, Rodriguezek jakin zuen liburu bera Bulgarian argitaratuko dutela. "Itzultzaileak euskal literatura ezagutzen du eta aurretik Katixa Agirreren edota Iban Zalduaren liburuak itzuli ditu", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.

Kontratua sinatu da jadanik. Gainera, hil honetako 27an italiarrez ere plazaratuko dute. Lana Milanen aurkeztea espero du, Cervantes Institutuaren bitartez. Turkiarrezko argitalpenak oraindik ez du datarik, baina jadanik azala prestat dute. 

Idazlearen ustez, polita da testua beste hizkuntza batzuetan ere irakurgai egotea: "Itzulpenek bizitza berria ematen diote eleberriari. Soineko berria da eleberriarentzat eta bitxia iruditu zait leku bakoitzean liburuak inspirazio oso ezberdina sortu duela azala egiterakoan". Izan ere, sumatu daiteke Italiako zein Turkiako azalak oso bestelakoak direla.

Horrez gain, egileak uste du testuan oinarritutako filma 2024an estreinatuko dutela eta horri esker itzulpen gehiago sor daitezkela.

Liburu berria

Ezer gutxi aurreratu ahal badu ere, laudioarrak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio Gabonetan eleberri berria idazten bukatu duela. Oraindik ez daki noiz argitaratuko den eta kontratua sinatu behar du horretarako, baina, momentuz, pozik dago lanarekin: "Gogorra da lan egiten duzun bitartean horrelako proiektu luzean sartzea. Sakrifizioa da".

Txani Rodriguezek bitxikeria moduan aipatu du eleberri horretan lehen aldiz agertuko dela Laudio propio izendatuta: "Istorioaren zati bat Laudion gertatzen da eta bestea Cádizen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide