Talde batean egon edo ez, Laudioko Eskolarteko Ziklokros lasterketan parte hartzeko deia zabaldu dute

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 13a, 08:00

Jose Mari Basualdo Sari Nagusian ere egon zen eskola kategoria. / Aiaraldea.eus

Laudioar Txirrindularitza Elkarteak kirolaren zaletasuna sustatu nahi du eta horregatik erraztasunak eskainiko ditu umeek proban izena eman dezaten.

Urtarrilaren 21ean, larunbatean, lehiatuko da Laudion Eskolarteko Ziklokros Lasterketa, 11:00etan Ellakuriko kirolgunean. 7 eta 14 urte bitarteko gazteentzako proba da, eta antolatzaileek deia zabaldu dute ahalik eta kirolari gehien batu daitezen.

Julen Olabarrieta Laudioar Txirrindulari Elkarteko kideak azaldu du ez dela beharrezkoa talde batean egotea parte hartzeko. Alegia, baldintza oso gutxi jarri dituzte: izena ematea aldez aurretik hemen (zailtasunik gabe betetzen den Google Forms galdetegi bat da), txirrindula eramatea (mendikoa edo ziklokrosekoa) eta kaskoa erabiltzea. Doakoa da jarduera.

Antolatzaileek erraztasunak eman dituzte izena emateko eta lasterketan parte hartzeko

Oro har, Arabako eskolek (Amurriok, Arabarrak-ek, Aranakok, Forondak, Iturriberok, Laudioarrak, K6-k eta Zuianok) eramaten dituzte euren kideak lasterketa horietara, baina Olabarrietak azpimarratu du "gogoak baino ez direla behar" Ellakuriko proban parte hartzeko.

Irteera autokarabanen aparkalekuan egongo da. Aurrebenjaminek zirkuitu erdia egingo dute, benjaminek behin beteko dute ibilbidea, kimuek hiru aldiz eta haur kategoriakoek sei aldiz.

Antolatzaileen asmoa da gazte ugarik probatzea lasterketa zer den, eta animatzea Laudioar Txirrindularitza Elkartera batzen. Publikoak kafetegi zerbitzua izango du, Laudio Ikastolako ikasleek jarriko baitute barra, ikasbidaia finantzatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide