Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Emozioak ardatz” dituzten 11 abesti bildu ditu Cuchillo Mantecak bere lehen diskoan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 12a, 18:57

Cuchillo Mantecako kideak, euren entsegu lokalean. / Aiaraldea.eus

Plataforma digitaletan entzun daiteke lan osoa. Eskualdetik kanpo kontzertuak lotzeko baliatuko dute diskoa. 

Duela 5 urte sortu zen Cuchillo Manteca, Laudioko hainbat musikari beteranoren eskutik. Taldeak hasieratik ekin zion abesti propioak sortzeari, baina orain arte ez du grabaketarik plazaratu. Izan ere, zuzenekoak eskaintzea izan da taldekideen lehentasuna, “hori delako proiektuaren funtsa”. 

Hala azaldu du Nani Melendez kitarjole eta abeslariak. “Horrela eman genituen lehen urratsak. Sorgin eta Keska tabernetan aritu ginen lehenbizi, eta Laudioko Txosnetan jo genuen gero”. Baina pandemia eta konfinamendua iritsi ziren handik gutxira, eta taldeak etenaldia izan zuen. Ondoren sortu zitzaien abestiak grabatzearen beharra. “Eskualdetik kanpora atera nahi genuen, baina horretarako kanta batzuk izan behar genituen grabatuta”. 

Lau abesti baino ez zituzten plazaratu nahi, “aurkezpen-txartel” moduan baliatu ahal izateko. Baina aukera berri bat sortu zitzaien orduan: “Gure bateriajoleak badu beste talde bat, eta bertako kide batek grabaketa estudio bat muntatu zuen bere etxean, Orozko Estudios izenarekin. Talde bat behar zuen lehen grabaketak egiteko eta guri proposatu zigun”. 

Modu horretan, grabaketak modu merkean egin ahal izan zituzten Cuchillo Mantecako kideek, eta lau abestiko proiektua zena 11 kantako albuma bihurtu zen. Baina luzeagoa ere izan zitekeen, 24 konposizio propio baititu dagoeneko talde laudioarrak. “Kostatu zitzaigun aukeraketa egitea, eta pena eman zigun abesti batzuk kanpoan uzteak, baina uste dut hautaketa egokia egin genuela azkenean”. 

Emozioak dituzte ardatz abumeko 11 kantek, baina gai anitzak jorratuta.

Emozioak ardatz

Rock&rolla da Cuchillo Mantencaren funtsa, baina bilakaera egon da taldearen estiloan. “Gure lehen abestiak  bi taldekideren artean eginak genituen aurretik. Baina 5 urte luze hauetan mamitu egin da taldea, eta azken 11-15 abestiak kolektiboak direla esan daiteke, guztion ekarpenekin”. 

Letrei dagokionez, “emozioak” dituzte ardatz kanta guztiek, baina ez dira “gai sentimenalak edo bikote harremanak” soilik jorratzen. “Inmigrazioa eta Europaren faltsukeria, tratu txarrak, alzeimenarra, galerak, dementzia… hainbat gai lantzen ditu diskoak”. 

Albuma plataforma digitaletan dago entzugai (Spotyfin eta YouTuben) eta, printzipioz, ez dute fisikoki aterako. “Grabaketa estudioko kideak esan zigun ezin ginela zaharrunoak izan, eta Instagram kontua sortu behar genuela”, azaldu du Melendezek, “hala ere, eskaini dugun azken kontzertuan jende ugari gerturatu zaigu diskoaren kopiak eskatzeko”. 

Kontzertu bira

Diskoa aterata, kontzertuak eskaintzean jarriko dute indarra Cuchillo Mantencako kideek. 5-6 data inguru dituzte jada hitzartuta, Melendezek aurreratu duenez. “Gasteizen jo genuenean beste bi emanaldi proposatu zizkiguten, eta Portugaleten, Unqueran (Kantabria) eta Beloradoko rock jaialdian ere arituko gara. Aurten 12 kontzertu inguru egitea arrakasta izango litzateke guretzat”. 

Hala ere, ez dute grabaketa estudioa albo batera utziko. Beste lauzpabost kanta plazaratu nahi dituzte aurten. “Banaka argitaratuko ditugu, single formatuan, gaur egungo kontsumo ohituretara moldatuz”. 2023a, beraz, urte oparoa izango da Laudioko rock&roll taldearentzat.  

Hemen ikusi daiteke Aiaraldea Komunikabideak duela ia bost urte, taldea sortu berritan, eginiko bideo-erreportajea:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide