Aurki amaituko dituzte San Juan erreka inguruan iazko urte hasieran abiatutako lanak. Obren helburua San Juan erreka eta bere ingurua uholdeetatik babestea izan da. Horretarako, aire-zabaleko ibilgu berria eman diote errekari, Nerbioi ibaiarekin bat egiten duen lekuan.
Lan hauei esker, aurrerantzean, ur-goraldien errepikapen denbora 10 urtekoa izan ordez, 100 urtekoa izango da errekaren ibilguan eta 500 urtekoa erreka ertzetan. Hain zuzen ere, 2021eko azaroan jazo zen azken uholdea inguruan. Orduko hartan, ur azpian geratu zen ibilgu berriak zeharkatzen duen lekuan zegoen aparkalekua.
Karga-probak
San Juan erreka zeharkatzen duen zubi berriaren lanak amaitzear dauden honetan, topografo talde batek karga-probak egin ditu bertan. Horretarako, lau kamioi pisutsu baliatu dituzte. Azterketak bukatuta, eta aurreikuspenen arabera, otsaila hasieran irekiko dute zubia, oinezko zein ibilgailuentzat.