CD Laudiok Arabako futbola inklusiboagoa egiteko ekimenean hartuko du parte

Jone Gartzia Gerra 2023ko urt. 13a, 18:00

Otsailaren 26an entrenamendua egingo dute Ellakurin. / Laudio Kirol Kluba

Arabako Futbol Federazioak ‘Gurekin bat’ ekimena jarri du martxan, formazio eta sentsibilizazioaren bidez futbolean aniztasun funtzionala duten kirolarientzako aukerak sortzeko. Laudio Kirol Klubak ekimenean hartuko du parte eta otsailaren 26an ekintza bat antolatuko du Ellakurin.

Arabako hainbat kuadrillatako futbol klubek hartuko dute parte Arabako Futbol Federazioak sustatuko ‘Gurekin bat’ ekimen pilotuan. Proiektuarekin aniztasun funtzionala duten pertsonen partaidetza sustatu nahi dute futbolean, Araba osoan. Ekimenean parte hartuko duten kirol klubek haur eta kadete kategorietako taldeak izan behar dituzte eta teknikariak jarri behar dituzte Federazioaren esku jarduera programan parte har dezaten.

Ekimenak helburu bikoitza du. Alde batetik, klubeko teknikariak aniztasun funtzionalean formatzea (besteak beste, nolakoa izan daitezkeen eta nola egokitu kirol jarduerak); eta, bestetik, hautatutako maila bakoitzarekin (haurrekin edo kadeteekin) entrenamenduak egitea aniztasun funtzionala duten pertsonak egokitzera bideratuta. Ariketak Arabako Federazioko entrenatzaile eta hezitzaileek prestatu eta emango dituzte, dinamikan parte hartzen duen klubeko entrenatzaileen laguntzarekin.

Arabako hainbat zelaitan egingo dira entrenamenduak. Lehena urtarrilaren 24an izango da Adurtzabalen eta bigarren saioa Ellakuriko zelaian egingo dute, otsailaren 26an 10:00etatik 13:00etara.

'Gurekin bat' ekimena Arabako Futbol Federazioak sustatutako proiektu pilotua da eta Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza jaso du. Kolaboratzaileen artean, Apdema, Down Araba-Isabel Orbe elkartea, Arabako Kirol Egokituaren Federazioa, Arabako Autismo Elkartea, Kulunka, Tel Euskadi, Talur, Arabarnee, Aspasor eta Azirkarte erakundeak daude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide