IÑAKI CARRO

“Baldintzak nire alde nituen, banekien lasterketa ona egingo nuela”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 18a, 07:00

Iñaki Carro da Espainiako Ziklo-kros txapelduna, master 30 kategorian. / Luz Iglesias

IÑAKI CARROk (Laudio, 1986) Espainiako Ziklo-kros Txapelketa irabazi berri du Master 30 kategorian. Katalunian jokatutako txapelketaren nondik norakoak azaldu ditu.

Espainiako Ziklo-kros Txapelketa irabazi berri duzu Kataluniako Vic hirian jokatutako froga irabazita. Nolakoa izan zen lasterketa.

Oso lasterketa polita izan zen. Esango nuke asteburuan Espainiako Txapelketan egondako lasterketarik entretenigarriena eta biziena izan zela gure kategoriako, beste mailatan baino lehia estuagoa egon zen gurean. Podiumeko txirrindulariak oso segundo gutxiko tartearekin gurutzatu genuen helmuga, lasterketa on baten seinale.
Aurreneko ilaratik abiatu nintzen irteeran, banekien lehenengo postuetan egongo nintzela lasterketa osoan. Lehia estua izan zen, seigarren postuan egon nintzen uneren batean baina lortu nuen lasterketari buelta ematea. 

Nola aurkitu zenuten zirkuitua larunbatean?

Oso lehor zegoen ibilbidea, ez zegoen lokatz apur bat ere ez. Nik pertsonalki horrela nahiago dut. Mendiko-bizikleta dut gogokoen eta baldintza horietan moldatzen naiz hobekien. 

Egundoko hotza egiten zuen, hori bai. Zirkuitura iritsi gineneanbost graduko tenperatura zen Vic-en.

Espainiako Txapelketa irabazteko aukerekin ikusten zenuen zure burua?

Bai, banituen espektatibak. Azken finena, lasterketaz lasterketa ezagutzen dituzu zurekin lehian dauden gainerako txirrindulariak. 

Zirkuitua nolakoa izango zen ikusi nuenean, eta aurkariak nortzuk ziren jakinda, banekien nik gogoko nituen baldintzak aurkituz gero lasterketa ona egingo nuela, eta horrela izan zen.

Denboraldia borobildu duzu azken garaipen honekin. Nola baloratuko zenituzke azken hilabete hauek?

Lau hilabete luze izan dira.n Oso zentratuta egon naiz Espainiako zirkuituko lasterketetan. Izan ere, emaitza onak erdiesten joatea ezinbestekoa nuen Txapelketako lasterketetan lehenengo postuetatik abiatzeko. 

Hori dela eta Euskal Herritik kanpo aritu naiz batez ere denboraldi honetan, hemengo lasterketa gehienek ez dute sailkapen orokorrerako balio eta. Xixonen hasi nuen denboraldia, eta geroztik leku askotatik ibili naiz. Asko bidaiatu dugu. 

Gure kategorian, gainera, sakrifizio handia eskatzen du lehian egoteak. Etxetik gertu ere izan naiz lehiatzen. Amurrion Euskadiko Txapelketa irabazi nuen, eta Laudioko nazioarteko Ziklo-krosean ere parte hartu nuen.

Berezia behar du izan, etxean, Laudioko Ziklo-krosean parte hartzea.

Iaz hirugarren geratu nintzen, eta aurten bigarren postua lortu nuen. Irabazteko asmoekin nindoan aurten baina ezinezkoa izan da; ea datorren urtean arantza kentzea lortzen dudan. Lasterketa berezia da, oso maila altukoa. Nire kategorian, Espainiako Estatuko txirrindulari onenek hartzen dute parte esaterako.

Lehiak sakrifizioak eskatzen dituela esan duzu; zein zentzutan?

Ziklo-krosean aritzeko ezinbestekoa da laguntza. Lasterketa askotan box-a montatu behar da, eta edozein matxura izatekotan norbait behar duzu bizikleta aldatzen laguntzeko. Ni zortekoa naiz, nire neskalagunaren laguntza dudalako. Baina bidaia asko dira, asteburu askotan. Luze egiten da denboraldia.

Ziklo-krosa atzean utzita, zeintzuk dira zure urteko erronkak?

Patxadaz hartuko dut. Mendi-bizikletako egutegia ez dute oraindik argitaratu, ikusiko dugu zer dakarren denboraldiak. Azken finean mendi-bizikleta da nik gehien gogoko dudana, disziplina horretan mugitzen naiz hobekien. 

Ziklo-krosa gogoko dut baina ez naiz horretarako sutsuki entrenatzen aritzen, mendi-bizikletan bai, asko ibiltzen naiz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide