Laudio Ikastolaren 50 urteko historia eta istorioak, liburu batean bilduta

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 17a, 20:54

Ikastolako historiako ehunka argazki digitalizatu dituzte. / Laudio Ikastola

Ostegun honetan aurkeztuko dituzte Laudio Ikastolaren 50 urteko historiari buruzko liburua eta dokumentala. 

Ostegun honetan (urtarrilak 19) emango dio amaiera Laudio Ikastolak bere 50. urteurrena ospatzeko abiatutako ekimen zikloari. Hezkuntza zentroaren historiari buruzko liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte Lamuza parkeko Kasinoan, 18:00etan. 

Liburua abenduan jarri zuten salgai Ikastolan eta Laudioko hainbat establezimendutan. Dokumentala, aldiz, bihar -urtarrilak 19- ikusi ahalko da lehenbiziko aldiz. Libururako eginiko elkarrizketen grabaketekin eta artxiboko argazki eta bideoekin osatu dute 45 minutuko film laburra. 

Orotara, 30 pertsonatik gora elkarrizketatu dituzte 50 urteko historia eta istorioak azaleratzeko; irakasleak, langileak, ikasle ohiak, gurasoak edota herritarrak, besteak beste. Horrez gain, ehunka argazki berreskuratu eta digitalizatu dituzte. Modu horretan, testuak baino, irudiek hartu dute protagonismoa liburuan. 

Auzolana ardatz

Aiaraldea Ekintza Faktoria arduratu da paperezko argitalpenaren erredakzioaz eta ikus-entzunezkoaren ekoizpenaz; baina, auzolana izan da egitasmoaren ardatza. Laudio Ikastolak lan-taldea osatu zuen proiektua egikaritzeko, hainbat guraso, ikasle ohi eta langilerekin.  Talde hori izan da proiektuaren motorra, eta elkarlanean egin dituzte lan gehienak: argazkiak eskuratu eta hautatzea, balizko elkarrizketatuak lotzea edota ikastolako aktak eta dokumentazioetatik informazioa ateratzea, besteak beste.

Mende erdiko ibilbidea

1970eko. hamarkadan eman zituen lehen urrasak Laudio Ikastolaren proiektuak. Aurreko hamarkadan beste ikastola proiektu bat egon zen Galmakan, JEZ enpresak bere langileentzako eraikitako auzunearen altzoan. 

Laudio Ikastolak lehen egitasmo horren lekukoa hartu zuela esan daiteke. 1971. urtean abiatu zitzten klaseak, Villosa enpresak zuen txalet batean. Hurrengo urteetan proiektua beste hainbat tokitara zabaldu zen, espazio faltak bultzaturik. 

Gauzak hala, prefabrikatuetatik, Galmakako ikastola zaharreko azpiegituretatik, Galiziar Zentroko geletatik eta Lamuza Parkeko eraikinetatik igaro ziren Ikastolako ikasleak, gaur egungo eraikina atondu arte. 

1980eko hamarkada egonkortze eta hazkunde aroa izan zen Ikastolarentzat. Adin gehiagotara zabaldu zuten Hezkuntza proiektua, eta ekimen eta azpiegitura berriak jarri zituzten martxan. 

Hurrengo hamarkada, aldiz, gorabeheratsuagoa izan zen. Hezkuntza Lege berriak eztabaida handiak sortu zituen Ikastolako komunitatean, eta mobilizazio ziklo bizia etorri zen jarraian, Batxilergoaren legeztatzea eta finantziazioa eskatzeko. Gasteizera oinez eginiko martxa izan zen garai horretako ekimen esanguratsuenetako bat, garaiko protagonista guztien oroitzapenetan iltzatuta geratu dena. 

Ondoren etorri ziren Eusko Jaurlaritzarekin akordioa eta hezkuntza ziklo guztien bateratzea. Modu horretan iritsi zen Ikastola milurteko berrira. Ordutik hona, beste hainbat erronka izan ditu hezkuntza zentroak esku artean: 2000, 2011 eta 2021. urteetako Araba Euskaraz jaiak, hezkuntza proiektuaren eraldaketa, digitalizazioa, pandemia… gai horiek guztiak jorratzen ditu liburuak, garaian garaiko lekukotzen eta erreferentzien bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide