Dozenaka lagun bildu ziren ostegun arratsaldean Laudioko Kultur Etxeko Arraño aretoan, Laudio Ikastolaren historiari buruzko liburuaren eta dokumentalaren aurkezpenean. Abenduan argitaratu zuten liburua, ikastetxearen 50. urteurrenaren testuinguruan, eta Zuhaitza eta Arin liburudendetan, Ikastolako idazkaritzan eta Eroskin eskuratu daiteke.
Dokumentala, aldiz, atzo ikusi ahal izan zen lehenbiziko aldiz, eta Internetera igoko dute laster, jende ororen eskura egon dadin.
Horrez gain, liburuaren gaztelerazko itzulpena egingo dutela aurreratu zuten osteguneko ekitaldian. Hiru pertsonek hartu zuten hitza aurkezpenean: Jon Bengoetxea Martinezek (Ikastolako zuzendariak), Ainhoa Uriarte Bilbaok (Ikastolako ikasle ohi eta gurasoak) eta Txabi Alvarado Bañaresek (Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidea). Aiaraldea Ekintzen Faktoria arduratu da, hain zuzen, liburuaren zein dokumentalaren ekoizpenaz.
Ikastolako ikasle, langile eta ikasle ohi ugari batu ziren Kultur Etxean. Tartean egon ziren Ander Añibarro Maestre alkatea eta Lexuri Ugarte Aretxaga Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria (biak ala biak ikastolako ikasle ohiak). Horrez gain, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere bertaratu zen.
Argazkiak: Laudio Ikastola