ERREPORTAJEA

Laudio Estudio 82, demokrazia berriko herriko lehen antzerki taldea

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 28a, 08:00
1982an hasi zuen bere ibilbidea antzerki taldeak. / Jose Montes

Herrigintzatik jaioa, Laudio Estudio 82 antzerki taldeak balio izan zuen ere antzerkigintza profesionalera salto egin nahi zutenek bere ibilbidea has zezaten.

Laudio Estudio 82 herriko lehen antzerki taldea izan zen demokrazia berrian, baina baita garai horietako lekukotza bitxia ere. Berez, antzerki taldea sortu zen izena izan baino lehen. Latiorro Ikastetxeko -garai horretan bi eskola ziren: Menendez Pidal eta Ortega y Gasset- Guraso Elkarteak eskaini nahi zien umeei antzerki tailerra, eskolaz kanpoko jarduera eraikitzaileak izateko eskura. Horregatik, Mari Feli Aldaiturriaga, eskolako batzordeko kidea, jarri zen harremanetan Roberto Negro bilbotarrarekin. Negro Bilboko Film Laburren Nazioarteko zuzendaria izan zen eta trebakuntza aparta zuen antzerkigintzaren esparruan, Stanislawski metodoa ikasi baitzuen New York Actor´s Studioko irakasle batekin.

Laudioar ugarik parte hartu zuten egindako antzezlanean, bai aktore lanetan zein argiak, soinekoak edo soinua kudeatzen

"Gaitasun handiko gizona zen, eta bere bokazioa antzerkigintza zen, baina ingeniari oso ona ere bazen eta horretara bideratu zuen bere jarduera profesionala. Edonola ere, arte diziplina hori beti egon zen bere buruan eta mundu horretan zegoen jende ugari ezagutzen zuen. Horregatik, aukera ikusi zuenean, gurasooi ere proposatu zigun antzezlana prestatzea. Ni konbentzitu ninduen eta Zutoia Alarcia ere batu zen proiektura", argitzen du Mari Feli Aldaiturriagak.
Gauzak horrela, 1982ko urtarrilean ofizialki eratu zuten Laudio Estudio 82 antzerki taldea eta Udalari laguntza eskatu zioten. Tokiko erakundeak Kultura Etxeko gela bat laga zien eta han hasi ziren antzoki txiki bat atontzen: "Oholtza, argiak, eserlekuak, soinu sistema... Denetarik jarri genuen, gure patrikatik ordainduta", gogoratzen du Aldaiturriagak.
Lehen urte hori izugarri bizia izan zen. 'Las manos de Euridice' lana prestatu zuen Roberto Negrok berak bakarrik egiteko, baina talde moduan 'Las criadas' Jean Geneten antzezlana jorratu zuten. Hori egiteak sekulako ahalegina suposatu zuen: "Astelehenetik ostiralera, eta batzutan asteburuetan ere, hiru orduko saioak egiten genituen. 19:00etan hasi eta 22:00etan bukatu".

Horrek taldearen ekosisteman bertan eragina izan zuen, Aldaiturriagak aipatu duenez: "Zutoiak berehala ulertu zuen aktore profesionala nahi zuela izan eta bere esku egon izan balitz, bera izango litzatekeen protagonista. Nik ez nuen inoiz pentsatu oholtzara igoko nintzela, baina egin nuen eta bi seme nituen. Hortaz, arratsaldetan nire senarrak hartu behar izan zituen horien ardura. Bera PCEn zegoen eta, jakina, emakumeen askapenaren alde zegoen, baina aldi berean, kostatzen zitzaion onartzea ni kanpoan egotea arratsalde guztia, nahiz eta ezer ez esan. Dena den, oso ondo portatu zen".

Esan bezala, Zutoia Alarcia profesionaltasunaren bidea hartzen hasi zen esperientzia horrekin, baina ez zen bakarra izan. Bilbotik beste antzerkizale bat agertzen zen entseguetan eta, azkenean, berak bakarrizketa prestatu eta Madrilera jo zuen lan egitera.

Bi emanaldi

Urte osoan lan egin ondoren, 'Las criadas' estreinatzeko eguna heldu zen 1982ko abenduaren 17an. Avenida zinemak hartu zuen saioa eta Mari Feli Aldaiturriagak gogoratu du arrakastatsua izan zela, jende ugari ere bertaratu baitzen. "Ni ez naiz inoiz lotsatia izan, baina bularretakoan agertzen nintzen oholtzan eta buruhausteak sortzen zizkidan gero norbaitek zerbait esatea nire senarrari. Hala eta guztiz ere, antzezleen eta publikoaren artean nolabaiteko kortina sortzen da eta ez duzu jendea ikusten".

1982an hasi zuen bere ibilbidea antzerki taldeak eta bultzatzaile nagusia Roberto Negro izan zen, New York Actor´s Studioko trebakuntza jaso zuen bilbotarra

Debut horretan laudioar gehiagok parte hartu zuten, ez soilik bistan zeudenak; Mari Luz Delgadok eta Carlos Abeciak regidore lanetan, Miguel Agilda arotza izan zen, Carmen Urquijok soineko izugarriak josi zituen, Juan Felipe Díazek soinuaren ardura hartu zuen eta Iñaki Garaio eta Jon Gallastegi elektrikariek argiztapena sortu zuten.
Garaiok nekez gordetzen du oroitzapenen bat esperientziari buruz: "Garai horretan Scoop enpresa abiatu genuen eta erronka berriak bilatzen genituen. Antzerki talde baten argiaztapena eramatea horien artean zegoen".

Handik gutxira beste emanaldi bat eskaini zuen taldeak Bilboko Carlton Antzokian. Mari Feli Aldaiturriagak adierazi du askeago sentitu zela han, esperientzia apur bat zuelako eta ezezagunak zirelako ikusleak. Kritikarien harrera ona izan zuen laudioarren lanak, Roberto Negrok adierazi zuenagatik.

Ziklo berria eta hondamena

Ziklo bat itxita, taldeak ekin zion lan berriak prestatzeari. Araba Euskarazen testuinguruan 'El sueño de los gorriones' haurrentzako antzezlana hasi ziren jorratzen, baita 'Herr Puntilla y su sirvienta Matti' ere.
Dena den, ez bata ez bestea ez ziren inora heldu. Uholdeek sarraski izugarria eragin zuten Lamuzako parkean eta, besteak beste, euren lokala guztiz birrindu zuten. "Bi milioi pezetako galerak izan genituen. Dena txikitu zen; oholtza, argiak, arropa, azpiegitura elektrikoa... Diru gehiena Roberto Negrok jarri zuen, bere pasioa zen antzerkia. Bohemio hutsa zen".

Porrot ekonomikoaren ondoren, taldea umeen jardueran zentratu zen eta egunero ordu eta erdiko ikastaroa ematen zion Latiorroko haur talde bati. Horrela bultzatu zuten 'Bartolo el molinero' lana 1984an eta 'Quico, el niño que quiso ser cómico' 1985an. Biak Menendez Pidal eskolako oholtzan antzeztu zuten umeek.
Horrez gain, Roque Dalton antzerki taldea ekarri zuten Laudiora. El Salvadorreko artistek 'La madriguera' lana antzeztu zuten 1984an.

Taldearen osteko bizitzak

Esperientzia ez oso luzea izan bazen ere, -Oihalak Zabaltzenek hamarkadak eman ditu esparru berean- Feli Aldaiturriagak uste du aztarnak utzi dituela Laudio Estudio 82k. Hasteko, Zutoia Alarciak profesionalen mundura igaro zen eta 'El comisario' edo 'Periodistas' telebista saioetan agertzera heldu zen, esaterako.

Esperientzia gehiago

Laudio Estudio 82 taldeak bere jarduera hamarkadaren erdialdean eten bazuen ere, arte adierazpen mota hori ez zen desagertu herrian. Izan ere, 1987ko amaieran Oihalak Zabaltzen proiektua sortu zuten eta taldeak ibilbide luze eta oparoa izan du, 70 antzezlan taularatu baitituzte Laudion hamarkada horietan guztietan.

Aitor Urquijo laudioarra egon zen bere lehen kideen artean eta egun ere egitasmoaren buruan dabil. Bere ustez, 70 lagun igaro dira, gutxienez, urte hauetan.

Udalerrian antzerkiari lotutako bestelako ekimenak ere agertu dira. Esaterako, Siroko taldeak 'La casa de Bernarda Alba 5.0' egin zuen eta sariren bat jaso ere. Solastiar emakume taldeak ere urtebeteko esperientzia izan zuen, bere 25. urteurrena ospatzeko ekintzetan erakusteko. 

Andaluziar Etxearen inguruan ere mugitu dira antzerkigintzan interesa izan duten lagunek eta 'La Familia Inventada' taldeak ere laudioar ugari izan ditu. 

Azkenik, ezin da ahaztu Pablo Ibarluzearen jarduera, antzezlanak prestatu baititu Mikel Ayllon idazlearekin, Haizea Paris dantzariarekin edota Igor Arzuaga musikariarekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide