Jendetza elkartu da gaur goizean Laudioko Kultur Etxeko Arraño gelan, Cosecha del 48 taldeak Jose Mari Castillori eskaini dion omenaldiaren lekuko izateko. Cosecha del 48ko kideek Laudioko bizilagunaren eskuzabaltasuna goraipatu dute, baita "Laudioko eta eskualdeko ondare" bilakatu den bere ekarpen grafikoa ere.
Fonzalechen (Errioxa) jaioa, 10 urterekin etorri zen Laudiora Castillo, ikasketak burutzeko asmoz. Batxilergoa amaituta, erizaintza ikasketak egin zituen Leioan, baina urte gutxi eman zituen osasungintzan jardunean. Izan ere, aitaren jolas-makinen negozioaren gidaritza hartu zuen laster. Laudio Ikastolako diruzaina izan zen, baita EAJren Laudio Buru Batzarreko kidea ere.
Argazkilaritza eta bideogintza izan ditu pasio. Aise ezagunak dira Laudioko zein eskualdeko bestelako paisaiei egindako argazki panoramikoak, baita Aiaraldeko ondareari buruzko metrajeak ere.
Hunkituta jaso du aitortza Castillok. Besteak beste, herriko beste hainbat argazkilariri egin die aipamena bere hitzartzean. Laudioko Kofradiak beregan jarritako konfiantza ere eskertu du. Erakundeak bere argazki artxiboa digitalizatzeko ardura eman zion Castillori eta beste hamaika proiektutan aritu dira elkarlanean.