Giro ederrean ospatu zen atzo Faktorian Arabako Kuadrilla arteko bertsolari txapelketa. Aramaioko 'Izena pentsau bi da' taldea eta eskualdeko 'Altubepekoak' aritu ziren nor baino nor kantuan. Amets Meatza Castañares gai-jartzailearen esanetara oholtzaratu ziren Beñat eta Izar Mendiguren Cosgaya eta Asier Rubio batetik; eta Martin eta Sabin Abarrategi, Manex Agirre eta Danel Herrarte bestetik.
Saioaren aurretik, bertso sorta idatzien txanda izan zen. Hiru bilduma egon ziren entzungai, Faktoriako bertso eskolako bat eta Zaballako Bertso Eskolako bi.
Ederto pasa dugu Arabako bertso kuadrilla artekoan @EkintzaFaktoria n
— @ErreHarria #ANkerkeriariSTOP 🇵🇸 (@Erreharria1) January 29, 2023
Mila esker @ArabaBertsozale pic.twitter.com/yidBNSX3NB
Orotariko gaiak jorratu ziren emanaldian: artzain txakur txapelketan artzain gazteek darabilten hizkuntza, Parisen pijaman erosketak egitera doan jendea, San Blas azokan txerriaren bueltan parrandan dabilen lagun kuadrilla, edota txanpon bilduma egiten duten gazteen solasaldia, beste batzuen artean.
Finala, Laudion
Ez da izango Aiaraldean Arabako bertsolari txapelketak egingo duen geldialdi bakarra. Izan ere, martxoaren 24an jokatuko da finala. Arabako Bertsozale Elkarteak aurkezpenean iragarri zuenez, Laudion antolatuko dute azken saioa eta arabar bertsozaleen festa. Hemen kontsulta daitezke saioak eta taldeen nondik norakoak.
Argazkiak: Altubepekoak taldea