Goi mailako areto-hockeyaz gozatzeko aukera La Granja kiroldegian

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 31a, 13:19
Laudioko Udalean egin dute goi-mailako hitzorduaren aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Espainiako Areto-Hockey Txapelketako finalaurrekoetako bat jokatuko da asteburu honetan Laudioko La Granja kiroldegian. Espainiako Estatuko goi-mailako zortzi talde arituko dira norgehiagokan, otsailaren 3tik 5era luzatuko den txapelketan.

Espainako Areto-Hockey Txapelketa finalaurrekoen fasean dago murgilduta bete-betean, eta Laudio izango da lehia horren epizentroetako bat. Ganbegi Hockey taldearen ekimenez asteburu osoko txapelketa antolatu dute La Granja polikiroldegian. Gaur egin dute goi-mailako hitzordua aurkezteko prentsaurrekoa Laudioko udaletxean. Bertan izan dira Ana del Val kirol diputatua, Ander Añibarro Laudioko alkatea, Alvaro Zabala Espainiako Hockey Federazioko ordezkaria, Agustin Rojo Euskal Hockey Federazioko lehendakaria, Iñaki Olaguenaga Ganbegi Hockey Taldeko idazkaria eta Hectro Borge Arabako Hockey Federazioko lehendakaria.

Asteburu bete Hockey

Ganbegi Hockey Taldearekin batera beste zazpi klub arituko dira finalerako txartelaren bila norgehiagokan: Madriletik etorritako Complutense eta Club de Campo; Andaluziako Benalmádena eta Alcalá; Xixoiko Covadonga; Santanderreko Sardinero; eta, azkenik Alicanteko Unibertsitateko Atletico San Vicente Hockey Taldea. Lehia bizia irgarri dute antolatzaileek.

Talde laudioarrak dituen aukeren inguruan galdetuta ikuspegi  errealistarekin azaldu da Iñaki Olaguenaga: "Talde zaila egokitu zaigu, Complutenseren aurka aritu beharko gara, areto-hockeyko Espainiako txapelduna. Kontuan hartu behar da ere ohorezko-mailan dauden taldeak direla guztiak, eta guk, aldiz, lehenengo mailan jokatzen dugu ohikoan".

Orotara 18 partida daude aurreikusita. Ostiral eta larunbatean zortzina partida programatu dituzte, goizeko 10:00etatik hasita 20:30ak arte. Igandean finalak jokatuko dira

Ostiraletik hasita igandera arte luzatuko da finalaurreko fasea. Orotara 18 partida daude aurreikusita. Ostiral eta larunbatean zortzina partida programatu dituzte, goizeko 10:00etatik hasita 20:30ak arte. Igandean finalak jokatuko dira, 11:30ean eta 13:00etan. Ordutegi zehatzak eta partiden emaitzak Espainiako Federazioko web orrian kontsultatu ahalko dira unean une. Aurreikuspenen arabera 150 kirolari baino gehiago bertaratuko dira. eta antolatzaileek kiroldegiko harmailak  "jendez-lepo" ikustea espero dute.

Finalaurrekoa Laudion antolatzea Ganbegi taldeak egindako "apustua" izan dela azaldu du Iñaki Olaguenagak: "Aukera genuen, txapelketa beste nonbaiten jokatzeko, baina nahiago izan dugu inbertsioa egin, eta finalaurrekoa Laudiora ekartzea". Finalaurrekoaren antolakuntza klubaren urteko aurrekontuaren heren bat dela aitortu du Olaguenagak. "Esfortzuak merezi izan du, Hockeya suspertzeko eta baita eskualdeari bultzada ekonomikoa emateko ere", azpimarratu du Ganbegi taldeko idazkariak.

Hockeya indartzeko apustua

"Gure helburua goi-mailako kirol ekitaldi bat antolatzea izan da, Aiaraldean hockeya sustatzen jarraitu ahal izateko", azaldu du Hector Borgek. "Erronka handia izan da guretzat. Asko izan dira urte luzez Arabako Federazioak Euskal Federazioarekin elkarlanean antolatu ditugun goi-mailako hitzorduak, eta horri eutsi nahi izan diogu berriro ere". Horrelako egitasmoekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute Federaziotik, Hockeya eskualdean eta ikastetxeetan promozionatzen jarraitzeko helburuarekin. 

Izan ere, Hockeyan erreferente oso ezaguna izan da Laudio. Gaur egun desagertuta dagoen Arabatarrak taldea eta baita Ganbegi taldea Espainiako Hockey txapeldun izatera iritsi ziren, emakumezkoen ligan. "Laudiok merezi duen aitortza eta lekua berreskuratu nahi dugu", aldarrikatu du Olaguenagak, "horrelako hitzorduek bide horretan urratsak emateko aukerak eskaintzen dizkigu". Hockeyak Laudion utzi duen arrastoaren isla izango da kiroldegian bertan antolatu duten argazki erakusketa, finalaurrekoak iraun bitartean ikusgai egongo dena.

Bide horretan eskola-kirola indartzeko beharra azpimarratu dute Hockey federazioetako ordezkariek,  Ana del Val diputatuak eta Ander Añibarro alkateak. Azpimarra berezia egin dute neskak eskola-kirolera erakartzeko ahaleginean, eta bide horretan konpromisoak hartzen jarraituko dutela azaldu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide