Latiorro Ikastetxeak mende erdia beteko du aurten. Urte luzez Ortega y Gasset eta Menendez Pidal gisa ezaguna izan zen hezkuntza zentroa, bi eskola baitzituen barruan, baina 1994an bateratu ziren azpiegitura berean zeuden proiektu biak eta Latiorro Ikastetxea izena hartu zuten orduan.
Ibilbide luze hori omentzeko, hiru jai egun prestatzen ari dira. Lehenengoa otsailaren 17an izango da eta Inauterietako ohiko desfilea egin ez ezik, disko festa, txapa tailerra, salmenta puntua, karaokea eta magia ikuskizuna ere egongo dira, Kirikino taldearekin elkarlanean. Auzunea girotzea izango da egitarau horren xede nagusia.
Martxoaren 20an ere jaia antolatuko dute baina, kasu horretan, Laudioko herrigunera eramango dituzte ekintzak, oraindik zehazteke daudenak.
Azkenik, maiatzaren 20an ospakizun nagusiaren eguna helduko da. Ikastetxean bertan ekitaldia gauzatuko dute eta, horrekin batera, monolitoa ere jarriko dute. Gero triki poteoa, bazkaria eta kontzertuak prestatuko dituzte. Egun horretan espero dute ahalik eta ikasle zein irakasle ohi gehien erakartzea eta bost hamarkadetan sortutako hezkuntza komunitatea batzea.
Horrez gain, argazki erakusketa ere ari dira osatzen eta herritarren laguntza eskatu dute, euren argazkiak bidali ditzaten. Latiorroko webgunera jo daiteke horretarako.