Glavista enpresako langile batzordeak manifestazioa egin du gaur Laudion eta ehunka herritar batu dira deialdira. Beharginen ordezkariek gogoratu dute 250 familien etorkizuna kolokan dagoela, konpainia hartzekodunen aurrelehiaketan baitago.
Halaber, salatu dute Guardian enpresak duela ardura osoa, duela bi urte saldu baitzion enpresa orain lantegiak apropos ixtegatik Auzitegi Nazioanala ikertzen ari den kapital funts bati; Parter Capital, hain zuzen. Langileen bozeramaileek azpimarratu dute Suitzako taldearen kudeaketa negargarria izaten ari dela eta euro bat bera ere ez dutela inbertitu Laudion.
Are gehiago, beharginek aipatu dute lan karga izan arren, aste honetan eten dietela elektrizitate hornidura, fakturak ez ordaintzeagatik.
Hori dela medio, Glavistako langileek aldarrikatu dute Guardianen zein erakundeen inplikazioa 250 enpleguak mantentzeko. "Esku egokietan enpresa hau bideragarria da" azpimarratu dute.
Horrez gain, deia zabaldu dute hurrengo ostiralean Laudion 18:30ean egingo den manifestazioan parte hartzeko, Glavista, Madres Mercedarias eta Talleres Abasoloko beharginen defentsan.