ERREPORTAJEA

Zer erantzukizun du Guardianek Autoglas-Glavistako lan gatazkan?

Txabi Alvarado Bañares 2023ko ots. 10a, 08:00

2012an Guardianen egondako greban egon daitezke gaur egungo gatazkaren erroak. / Aiaraldea.eus

Glavistako langileek hiru aste daramatzate mobilizatzen, enpresa hartzekodunen aurrelehiaketan dagoelako. Beharginek Guardian egin dute egoeraren erantzule nagusietako bat. Izan ere, Guardianek Parter Capital putre funtsari saldu zion Autoglas lantegia 2020an.

'Guardian errudun! Konponbidea orain!'. Lema hori hartuta ekin diote Glavistako Laudioko langileek mobilizatzeari. Modu horretan, beiraren multinazionalak afera honetan duen erantzukizuna nabarmendu nahi izan dute beharginek. 

Aitor Merinok argi du: “Guardianek zeresan handia du afera honetan, eta egoera bideratzeko giltza ere badu. Bera izan zen egun batetik bestera saldu gintuena Parter Capitali”. 

“Zeharka bada ere, Guardianek erabakiko du Autoglasek irekita jarraituko duen edo ez”

Salmenta hori 2020. urtean izan zen. Beraz, esan daiteke orduz geroztik Guardian eta Glavista ez direla gauza bera. Eta hala da, baina lotura sendoak daude oraindik bi enpresen artean. 

“Ez dugu 2020ko erosketa akordioaren gaineko informazio askorik, oso opakua izan zen. Baina badakigu Parter Capitalek langileen kontratuak eta makinaria baino ez zituela erosi, negozioa, alegia”, azaldu du Enpresa Batzordeko kideak. “Hau da, pabilioiak eta lurrak Guardianenak izaten jarraitzen dute”.

Gauzak hala, Glavistak alokairu bat ordaintzen dio Guardiani azpiegiturak erabiltzearen truke. “Lehen bi urteetan ez zuten ezer ordaindu behar izan, baina iazko maiatzetik bai. Ez dakigu alokairu hori zenbatekoa den, baina zuzendaritzako kideek aipatu digute astakeria bat dela. Gainera, lehen hilabeteetan gasa eta elektrizitatea ere ordaindu behar izan zitzaion Guardiani, energia sistemak bereizi ziren arte”. Lehengaien erosketa gehitu behar zaio horri, haizetakoak ekoizteko beira ere ordaintzen zaiolako multinazionalari, Merinok zehaztu duenez.

Horregatik guztiagatik, Glavistak pilatuta duen 17-18 milioi euroko zorraren erdia Guardianena da.  

2012ko grebaren erroak

Baina afera honek guztiak erro historiko sakonagoak ditu. Merinoren arabera, Guardianen nazioarteko zuzendaritzak aspalditik du erabakita ez duela autoentzako haizetako gehiagorik ekoitzi nahi, “arkitekturara bideratutako beiran” jarri nahi dituelako indarrak. 

Enpresa Batzordeko kidearen aburuz, ekoizpen-lerro hori paretik kentzeko saiakera izan zen 2012an Guardianen egondako grebaren funtsa. “139 langile kaleratu nahi izan zituzten orduan, eta gehienak 2020an Parter Capitali saldu zitzaion ekoizpen lerrokoa ziren”. 

“Glavistak pilatuta duen 17-18 milioi euroko zorraren erdia Guardianena da”

Kaleratze horiek bertan behera geratu ziren, 60 eguneko grebaren ostean. “Zuzendaritza aldatu egin zuten orduan, eta nolabaiteko ‘bake soziala’ nagusitu zen, 2020. urtera arte”.

Baina, bien bitartean, egoera oso bestelakoa zen nazioartean. “Guardianek autoen sektorera bideratutako lantegi guztiak saldu zituen 2013tik 2015ra bitartean, Laudiokoa zen falta zen bakarra”. 

Horrelako lantegi batek nekez iraun dezake bizirik beira emango dion bazkide bat ez baldin badu. Hala ondorioztatu du Merinok: “Guardianek Glavistari beira prezio mesedegarrian salduko ez balio beste erosle bat bilatu beharko luke enpresak, eta ez litzateke bideragarria izango. Horregatik, zeharka bada ere, Guardianek erabakiko du Autoglasek irekita jarraituko duen edo ez”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide