LORENA HOYOS

“Indian budismoa topatu nuen eta horrek intelektualki aldatu nau”

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 12a, 07:50

Indian zehar bidaia luzea egin du Lorena Hoyos laudioarrak. / Aiaraldea.eus

LORENA HOYOS (Laudio, 1981) Bartzelonan bizi da gaur egun, baina aurretik denbora luzea igaro du Indian. Bertan bizitakoaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Orain Bartzelonan bizi zara, baina, hori baino lehen, Asiako Hegoekialdean ibili zinen, ez da horrela?

Bai, 30 urteetako krisialdiarekin erabaki nuen urtebeteko oporraldia hartzea eta mundua ezagutzera joatea. Betiko nahia nuen hori, baina etengabe atzeratzen nuen.

Asmoa zen Asiako Hegoekialde osoa zeharkatzea, baina ez zidan denborarik eman. India, Nepal, Indonesiako iparraldea, Malasiako zati bat, Tailandia, Singapur, Birmania eta Bangladesh zeharkatu genituen.

Horien artean egon zen bat bereziki hunkitu zintuena.

Bai, Indiak hori lortzen du. Badago mito bat esaten duena India maitagarria edo higuingarria iruditzen zaizula, eta uste dut egi borobila dela. Nire kasuan maitemindu nintzen.

Hasiera gogorra izan zen, une horretara arte bidaiatu genuen moduan egingo genuela uste genuen, Mendebaldekook egiten dugun erara, alegia. Hau da, tokiak ikusten, etengabe; monumentuak, tokiak bilatzen... Baina Indian erritmoa bestelakoa da eta hori da bere xarma. Behartzen zaitu lasaitzera eta presak alboratzera.

Gainera, gure ideia zen gune turistikoak alde batera uztea eta tokikotasunean oinarritzea; hangoek hartzen dituzten trenak eta autobusak baliatzea... Horrela lasaitu ginen eta konturatu ginen ez genuela kontrola.

Zerk harrapatu zintuen Indian?

Budismoak. Dalai Lamaren etxera, Macleod Ganj-era, heldu ginen eta toki magikoa da. Migratzaile tibetar ugari daude. Oso txarto pasa dute hara heldu arte, baina ezustean harrapatu gintuen jende hori beti irribartsu zegoela ikusteak. Oso esker onekoak ziren.

Indian ezagutu genituen komunitate tibetarrak gehiago eta deigarria iruditu zitzaigun beti irribartsu zeudela. Aldi berean, Indian igaro nuen lehenengo hilabetean gaizki pasatu nuen. Ezin nuen ulertu nola jende hau gustura egon ahal zen oso ezberdina den kultura eta herrialde batean bizitzen. Suposatu nuen erlijioak zerikusia zuela.

Orduan Macleod Ganj-era itzuli ginen eta bost eguneko erretiroa egin nuen budismoaren hastapen ikastaroa egiteko. Hor benetan maitemindu ninduten Indiak eta filosofia budista ulertzeko duten moduak.

Urte erdia egin genuen Indian, baina ezin duzunez jarraian egin, Nepalera atera ginen eta gero Indiara itzuli ginen berriro. Hilabete horietan, gehienbat, Indiako iparraldea ezagutu genuen. Konturatu ginen herrialde osoa ikustea ezinezkoa izango zela, erraldoia baita. Oso polita da, Risikes, Kalkuta, Macleod Ganj-era itzultzea...

Indiara itzuli bazineten, suposatzen dut zuen toki gogokoena izan zela?

Bai, Nepal ere bai. Ezberdinak dira, baina Indiarekin ezaugarri ugari ditu komunean. Nepalek trekkinga egiteko aukera dauka, mendiak hor bertan baitaude. Bietan oso eroso sentitu nintzen eta meditazioari zein filosofia budistari buruzko erretiro ugari egin nituen. Bigarren bidaia honetan, hain zuzen, budismoan sakondu nahi nuen. Macleod Ganj-en erretiro zentroa dago eta horretarako erraztasunak ematen ditu. Bigarren bisita honetan hiru hilabete egon ginen. Nik beti esaten dut Indiak intelektualki aldatu ninduela eta budismoarekin topo egitea zirraragarria izan zela.

Itzuli zara berriro Indiara?

Ez, Nepalera joan naiz. Han egin nuen hilabeteko erretiroa. Urtero egiten dute azaroan. Duela hamar urte izan zen Indiako bigarren bisita.

Budismoa ezagutu ostean, nola batu zinen berriro Mendebaldeko bizitzara Bartzelona bezalako hiri handi batean?

Tresna batzuk geratzen zaizkizu. Nire kasuan, bereziki, meditazioa. Zorionez, mundu osoan daude zentro budistak. Bartzelonan bat baino gehiago dago. Bada modua Indiarekin harremanetan jarraitzeko.

Horrelako bidaia gehiago egin dituzu?

Mexikon egon nintzen hilabete batzuk, Nepaletik itzuli ostean. Kontrastea handia izan zen, baina ez Indian bezala, hizkuntzak asko errazten du. Mexikok aldatu ninduen gizaki bezala. Guatelamatik gertu dagoen herri batean egon nintzen lanean eta hango jendea ezagutu nuen. Izugarri gozatu nuen eta oso eskertua nago eurekin harremana izateagatik. Oso ikuspegi ezberdina dute.

Askotan esaten zidaten ezin nintzela ni bakarrik kaletik joan, eta ea nire senarra etorriko zen nire bila. Emakume zerbitzari bakarra nintzen, emakumezkoen tokia sukaldean baitago. Horrelako egoerak oraindik gertatzeak ezustean harrapatu ninduen lehen hilabetean. Hemen jende orok barneratu du gizonezkoek eta emakumezkook lan bera egin dezakegula, baina han ez zidaten zenbait gauza egiten, adibidez, kutxa bat hartzea. Horregatik apur bat zakar jokatzen nuen batzutan eta uste zuten egun osoa haserre nengoela, oso zuzena nintzelako.

Plan berriak dituzu bidaiatzeko?

Nire buruan beti daude bidaiak, baina ekonomia da oztopoa. Hegoamerika ezagutu nahi dut eta India, Tailandia eta Mexikora itzultzeko gogoa daukat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide