Laudioko ‘Estudio Jubenilean’ aritutako dozenaka ikasle ohi bildu ziren larunbatean. Landaluzeko Toki-On jatetxean jarri zuten zita, elkarrekin bazkaldu eta aspaldiko garaiak gogora ekartzeko.
Ia lau urte zeramaten bildu gabe, 2019an egin baitzuten azken topaketa. “Ondoren pandemia etorri zen”, azaldu du Javi Luengok. Ikasle ohiaren arabera, 7 topaketa inguru egin dituzte orain arte.
Aceros de Llodioren eskola
Aceros de Llodio enpresak sortu zuen Laudioko ‘Estudio Jubenila’. Luengok gogoratu duenez, Odeibar auzoan zegoen eskola hasieran, bertako eraikin bateko beheko solairuan. “Une horretan ikasle gutxi geunden. Ni 11 urterekin sartu nintzen bertara. Bi gela zeuden, neskena alde batetik eta mutilena bestetik”.
Odeibarreko tokia laster geratu zen txiki, eta etxola prefabrikatu batzuk eraiki zituen orduan Acerosek, ikasle gehiago sartu ahal izateko. Luengoren aburuz, fabrikan lan egingo zuten pertsonak trebatzea zen ‘Estudio Jubenilaren’ xede nagusia. “Batxilergoa prestatzera bideratzen ziren klase gehienak, baina denetarik eskaintzen zen”, oroitu du Luengok, “14 urterekin sartu nintzen Acerosera, ikasle moduan. Une horretan, ikasketak eta tailerreko saio praktikoak uztartzera pasa ginen”.
Aceroseko etorkizuneko langileez gain, beste hainbat ikasle ere igaro ziren prefabrikatuetatik. 1970. hamarkadaren erdialdean egun Laudio Ikastola denari lagatu zitzaion azpiegituren zati bat, eta euskara klaseak ere eman ziren bertan garai hartan, Luengok nabarmendu duenez.
Gaurko perspektibatik ikusita, arrarotzat jo daiteke metalaren sektoreko enpresa batek Laudioko gazteei bideratutako eskola bat sortu eta mantendu izana. Baina oso bestelako garaiak ziren. Globalizazioaren arrastorik ez zegoen, eta ‘paternalismo industriala’ deritzona zen nagusi. Enpresak eta enpresaburuak ziren udalerriko hanketako bat, eta euren presentzia eta kontrola bizitzako esparru guztietara bideratzen zuten, hezkuntza barne hartuta.
Gaur egun, aldiz, garai horren oroitzapenak baino ez dira geratzen, bizi izan zituztenen memorian eta elkarrizketetan.