LAB sindikatuak salatu du Vostalpine-JEZ enpresako garbitzaileak atzerapenak ari direla pairatzen euren nominetan. Trenbide-sarerako ekipamenduak fabrikatzen dituen enpresak azpikontratatuta dauka garbiketa zerbitzua, Grup Ser-Man azpikontrataren esku. Hartara, garbiketako beharginak azpikontratatuta egonda ere, "JEZeko lankideak direla" aldarrikatu du LABeko atal sindikalak, eta, horrenbestez enpresako zuzendaritzari egotzi dio egoera bideratzeko ardura.
Garbiketa enpresako langileek azken hilabeteetan nominak berandu jaso dituztela azaldu du Aitor De La Torre LAB sindikatuko ordezkariak, eta nominen zenbatekoetan ere irregulartasunak identifikatu dituztela gaineratu du. "Langileen prekarizazioaren bizkar bizi diren diruaren mertzenarioak dira" salatu du ordezkari sindikalak. LABetik ziurtatu dutenaren arabera, hilabeteak 13 egun dituenean otsaileko nomina jaso gabe dute oraindik.
Atal sindikala Vostalpine-JEZ enpresako zuzendaritzarekin jarri da harremanetan egoera bideratzeko, JEZek erantzukizun zuzena duela iritzita, baina oraindik erantzun zehatzik jaso ez dutela adierazi du De La Torrek. Epe laburrean konponbiderik ezean mobilizazioak eta protestak iragarri ditu LABek.
Langile bat kaleratzeko arriskuan
Halaber, garbitzaileen lan-taldean dagoen behargin bat kaleratzeko arriskuan dagoela ere salatu du LABek. "Behin-behienko kontratua dauka Grup Ser-Man azpikontratan, eta bertako zuzendaritzak literalki adierazi dio ez duela berarekin dirurik irabazten" azaldu du Aitor De La Torrek.