Haitzetan Gora Mendi Taldeak asmoa dauka martxoan irekitzeko Laudioko Udalak Latiorroko frontoian eraikitako rokodromoa. Elkartea duela gutxi sortu zuten eta espero dute laster tokiko erakundearekin kontratua sinatzea martxoaren 18an jarduerarekin hasteko.
Arkaitz Ereño presidentearen hitzetan "gure lehen helburua zen Goikogane Mendi Taldeak hartzea bere gain proiektua eta guk horren barruan lan egitea, herriko mendi talde historikoa baita. Dena den, azken unean uko egin ziotenez egitasmoari, talde berria bultzatu dugu, eskaladan zentratuta".
Ordutegiak
Gauzak horrela, taldeak egunero irekiko du rokodromoa -igandeak barne- 09:00etatik 22:00ak arte. Hori bai, lehenengo hilabeteetan pertsona bakarra egongo denez lanean, martxoa eta ekaina bitartean rokodromoa irekita egongo da astelehenetik ostiralera 17:00etik 22:00ak arte. Tarte horretan larunbatetan ere joateko aukera egongo da eta ordutegia zabalagoa izango da, 10:00etik 14:00ak arte eta 17:00etik 22:00ak bitartean.
Goizetik joateko, taldeko bazkide izan beharko dute kirolariek. Lehen hilabete horietan zenbakiak dituzten giltzekin funtzionatzea aurreikusi dute bazkideek, baina laster ate elektromagnetikoa eta kudeaketa informatizatuarekin egitea espero dute.
Prezioei dagokienez, Ereñok aurreratu du ahalik eta herrikoienak izaten saiatuko direla, jende kopuru handiena erakartzeko: "Ez bakarrik eskalatzaileek, familiek ere parte har dezaten nahi dugu".
Ikastaroak eta eskalada eskola
Rokodromoaren lehen urratsekin batera, eskalada hastapen ikastaroak eskainiko dituzte, kirol horretan jantziak ez direnentzat.
Irailean, eskolekin harremanetan jarrita, Haitzetan Gora Mendi Taldearen xedea da Latiorroko kirolgunea erabiltzea ikastetxeek, kiroldegiarekin egiten duten moduan. Horrela, azken helburua da eskalada taldea bultzatzea umeekin eta irteerak antolatzea.
Rokodromoaren ezaugarriak
Berez, rokodromoak bi horma ditu. 11x4,20 metroko hormak ditu batak eta 39 bloke ezberdinek osatzen dute. Beste hormak 16 metroko luzera dauka eta 8,70 metroko altuera, eta 36 bide eta 2 ibilbide. 36 hauek 4 metrotaraino boulder bezala erabil daitezke, hau da, soka barik. Lau metrotik gora legeak behartzen du soka erabiltzera.