ERREPORTAJEA

Alzarratetik San Martinera, Laudioko futbolaren historia zelai bakarrean

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 20a, 18:25

1941. urtean eraiki zuten Altzarrate futbol zelaia. / Aiaraldea.eus

CD Laudiok eta Altzarrate Kirol Elkarteak ekitaldia eta jaia prestatu dituzte otsailaren 25ean San Martin futbol zelaiari izena aldatzeko eta Altzarrate izendatzeko. Athletic Clubeko beterano talde batek Laudioko beteranoen kontra jokatuko du.

1941ean eraikita, Alzarrate futbol zelaiak poztasun ugari ekarri zizkien Laudioko kirol zaleei 30 urtez. Izan ere, amateur txapelketan hasi zen proiektuak futbol federatura egin zuen jauzi eta urrun heldu zen. Horregatik, CD Laudiok eta Altzarrate Kirol Elkarteak zelaiaren izena berreskuratuko dute egungo San Martin azpiegituran. Otsailaren 25ean egingo dute; eta Athletic Clubeko beteranoen eta Laudioko jokalari ohien arteko partida eta bazkaria egingo dute. “Iñigo Egiguren Altzarrate Elkarteko arduradunak proposatu zion CD Laudiori egitea eta guri ondo iruditzen zitzaigun, tokiko futbolaren aro historikoa berreskuratzeko modu bat delako”, azaldu du Jagoba Sedano CD Laudioko presidentea.

1973an Villosak eraitsi zuen futbol zelaia eta kirol proiektua, babesletza etenda

Sedanok Alzarrate zelaia ezagutu zuen eta oroitzapen goxoak ditu. Hori dela eta, uste du aukera ona dela izen aldaketa, ahanzturan galdu diren hainbat herritarren emozioak eta ilusioak berpizteko: “Jende ugarik une bereziak bizi izan zituen han, bai jokalariek, bai zuzendaritzako kideek bai zaletuek. Euren izenak banan-banan berreskuratzea ezinezkoa da, baina horrelako ekimen batekin omenaldi kolektiboa egingo dugu”.

Berez, Alzarraten lorpen garrantzitsuak izan zituen futbol laudioarrak eta garaiko 2. B mailan hainbat urtez aritu zen herriko kluba. Alegia, bi aldiz bigarren mailako igoera promozioa jokatzeko atarian geratu zen. Talde ospetsuak ez ezik -Racing Santander, Alaves...-, eliteko jokalariak lehiatu ziren Alzarraten. “Laudioko harrobian trebatuen artean, aipatzeko moduko batzuk etortzen zaizkit burura: Jose Maria Maguregi, Athleticen irabazi zuen liga eta kopa eta entrenatzaile ibilbide luzea egin zuen, jatorriz Ugaokoa zen baina Laudion trebatu zen. Jabi Eskalza ere Arrankudiagakoa zen eta Athleticeko jokalari garrantzia izan zen. Erreferente handia da Jose Ramon Alesanco ere; Munduko Txapelketa jokatu zuen, Europako Kopa irabazi zuen FC Barcelonarekin eta hainbat txapelketa ere irabazi zituen. Horiek klubean trebatu ziren, ez ziren fitxajeak izan. Beste batzuk, Dani, esaterako, Villosakoak izan ziren, baina ez harrobikoak”, gogoratu du Jagoba Sedanok.

Villosak eman eta kendu

Futbol zelaia eraikitzea zein taldea babestea Villosa enpresaren ekimena izan zen. Horregatik klubak bere izena hartu zuen hainbat urtez. 1934an heldu zen Laudiora konpainia -egun Guardian dena- eta 1973an bukatutzat jo zuen proiektua. Hain zuzen, 1973ko abenduan ekin zion enpresak zelaia eraisteari. “1972/73 denboraldian hasi zen enpresa kirol azpiegitura txikitzen, han pabiloiak egin nahi zituelako. 1973ko abenduan jokatu zen azken partida, baina aurretik Villosak tribuna desmuntatu zuen, azkenean itxura prekarioa zuen denak” oroitu du Sedanok.

Erabakia ezustean harrapatu zuen jendea eta korrika eta presaka egin zuten San Martin zelaia, Alzarratek hartutako lursailetik gertu. Edonola ere, azpiegitura horren kalitatea oso urria zen eta taldeak larrutik ordaindu zuen. “1972/73an Villosak babesletza eten ostean, klubak kategoria galdu zuen, baina hurrengo denboraldian, zelai berriko kalitatea hain eskasa zen ezen ia kategoria galdu baitzuten berriro” argitu du egungo CD Laudioko presidenteak.

Amaiera mikatza izan arren, Sedanok gogoratu du Alzarrateko kirol gunea oso toki aurreratua zela; futbol zelaiaz gain, tenis kantxa, frontoia eta bolatokia zituen. Gainera, zelaia bera San Martingoa askoz handiagoa zen eta “futbol klasikoaren zaporea zuen, ez baitzuen atletismo pista bat inguruan” adierazi du Sedanok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide