CARLOS EGIGUREN

“Sergio Ramos eta David Silva entrenatu nituenean ikusi nuen futbol jokalarien oso eredu ezberdinak islatzen zituztela”

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 24a, 08:00

Carlos Egiguren izango da CD Laudioko beteranoen taldeko entrenatzailea. / Aiaraldea.eus

CARLOS EGIGUREN (Laudio, 1961) izan da CD Laudioko beteranoen taldea entrenatu duena Athletic Clubaren kontra jokatuko duten partidan. Aukera aprobetxatu du Aiaraldeak bere ibilbideari buruz aritzeko.

Nola hasi zinen zu futbolean?

12 urterekin hasi nintzen Sociedad Deportiva Llodioren harrobian, gaur CD Laudio dena. 19 urterekin joan nintzen Mexikora, Toluca klubean jokatzera urtebetez, hango lehen mailan. Etorkizuna ez nuen oso argi ikusten han eta Barakaldok proposamena egin zidan.  Manék entrenatzen zuen eta bigarren mailan jokatzen zuen. Ia lehen mailara igotzea lortu zuen. Bost urtez ibili nintzen talde horretan, bigarren mailan, bigarren B mailan eta hirugarren mailan.  

Gero Sestao Sport klubak fitxatu ninduen Jabo Iruretaren eskutik. Bi puntugatik ez genuen lortu lehen mailara igotzea. Bi denboraldi egon nintzen han eta Alavesera laga ninduten lau hilabetez. Igoera nahi zuen klubak eta jokalariak bilatzen zituen horretarako. Sestaora itzuli nintzenean ikusi nuen jokatzeko aukerak urriak zirela, lehiakortasuna handia baitzen. Orduan SD Eibarrera laga ninduten eta lortu genuen bigarren mailara igotzea, Alfonso Barasoain entrenatzailea zelarik. Amurrioko entrenatzailea izan zen bigarren B mailan.  

Eibarren ibili ondoren, CD Lugon jokatu nuen bi denboraldiz. Bi urte onak izan ziren eta gero Gandiara joan nintzen, bigarren mailan zegoen orduan. 
Handik salto egin nuen Binefarera eta gero CD Lalín-era, bigarren mailako taldea. Eta han bukatu zen nire ibilbidea jokalari profesional gisa. Aipatu behar dut klub horiek garai horretan garrantzitsuak zirela, baina egun nahiko maila apala dutela eta horregatik ezezagunak izango dira gehienentzat. 

Futbolean langile izan zinen orduan.

Gladiadorea. Nork bere burua trebatu eta osatu behar zuen. Ez zegoen bitarteko askorik eta erakundeen laguntza txikia zen, ez zegoen ordezkaririk, azpiegiturarik, metodorik...

Nola definitzen duzu zure burua jokalari moduan?

Teknikoki nahiko duina, baina 1,68 neurtu arren, aurrelaria nintzen, eta erdian zein hegalean,  golak sartzeko erraztasuna nuen. Behin baino gehiagotan nire taldeko zein kategoriako goleatzaile nagusia izan nintzen. Borrokalaria nintzen, Dani eta garai horretarako aurrelarien tankerakoa. Oso garaia ez izan arren, buruz ondo jokatzen nuen ere.

Gero entrenatzaile bilakatu zinen.

Bai, entrenatzaile eta prestatzaile eta hezitzaile fisiko. Tituluak eskuratu eta CD Lalinen hasi nintzen talde gaztearekin. Gero Laudioko CD Sallekora etorri nintzen eta hiruzpalau urte egin nituen. Bi aldiz izan ginen bigarren Arabako Preferente kategorian. Kalitatezko lehen emakume taldea egon zen garai horretan.

Bukatzean Elchera joan nintzen bigarren entrenatzaile lanetan eta gero Euskadiko hautatzaile izendatu ninduten 12, 16 eta 18 urteko taldeetan, hiruzpalau urtez. 

Aldi berean, Espainiako Federazioak eskatu zidan bere talde baten gidaritza hartzea eta 19 urtetik azpiko selekzioarekin joan nintzen Suitzara. Sergio Ramos, Albiol, Juanfran, Borja Valero edota David Silva zeuden talde horretan eta txapeldunak izan ginen. 1-0 irabazi genion Turkiari finalean.
Gero itzuli nintzen Sestaora, Eibarrekin harrobian ere lan egin nuen eta SD Leioan eta CD Laudion kirol zuzendaria izan nintzen. Horren ondoren Arabako Federazioaren informatzaile bilakatu nintzen eta futbolera lotuta jarraitzen dut. 

Furbol zaharra eta futbol modernoa ezagutu dituzu. Zein duzu gogokoen?

Bitarteko edo metodologia aldetik, futbol modernoa askoz hobea da, baina bihotzari, sentimenduei eta harrobiko futbolari dagokionez, futbol zaharrak bazituen balioa batzuk nabarmen hobeak. 

Mutil oso gazteak entrenatu ditut, umeak, zeinak selekzioetara etortzen ziren jadanik jainko txikiak izango balira bezala, eta hori ez da batere onuragarria euren hezkuntzari begira. 

Futbol zaharra jatorragoa, osasuntsuagoa eta zuzenagoa zen, bihotzez jokatzen zena. Egungoa oso azalekoa da eta elitean aritzen diren jokalariek ez dute jarrera oso hezitzaileak, balioen aldetik, bai futbol zelaian zein kanpoan. Ez du merezi hezkuntza mota hori harrobiari komunikatzea.

Nork islatzen zuen zuk defendatzen duzun eredu hori?

Real Sociedadeko urrezko garaiko talde hori, bi liga irabazi zituena, ez dut inoiz ahaztuko: Gorri, Zamora, Olaizola, Gajate, Lopez Ufarte... Balioak zituen talde horrek. Benetako taldea eta blokea zen. Nik garai hori hautatuko nuke.

Baita horren lekukoa hartu zuen Athletic Clubak ere, ligak irabazi zituenak. Uste dut garai horrekin geratu behar dela jendea. Eredu interesgarriak dira hurrengo belaunaldiak nonbaitera heltzeko. 

Sergio Ramos, David Silva, Borja Valero... horrelako jokalari gazteak entrenatu dituzu gaztetxoak zirenean. Garai horretan izarra ziren jadanik?

Nik hilabete inguru eman nuen eurekin txapelketa prestatzen eta denetarik zegoen. Batzuk Real Madridetik etortzen ziren eta beste batzuk klub xumeetatik. Filosofia oso bestelakoa zen euren artean eta eurekin hitz egitean nabaritzen nuen.

Esaterako, asko hitz egiten nuen David Silvarekin, Real Sociedadeko jokalariarekin. Fisikoki ez zen aparteko ezer, baina teknikoki izugarria zen eta buruaren aldetik, ez zuen zerikusirik, adibidez, Sergio Ramosekin. Kirolari, gizaki eta futbolari oso ezberdinak ziren, kontzeptu gisa. Batzuek bazuten harropuzkeria apur bat kluben izaeragatik eta beste batzuk umiltasunez lan egitera etortzen ziren, batzera, sakrifizioak egitera... David Silva edo Miquel Robusté horietakoak ziren.

Futbol jokalari garaiko zein oroitzapen da zuretzat bereziki goxoa?

Barakaldon bizitako lehen aroa. Horrek markatzen du jokalariaren izaera. Laudiotik atera eta ia lehen mailara igo zen klub batera joatea... 19 urterekin horretan sartzea, jokalari profesionalekin, asko lehen mailan ibilitakoak... Denon artean azkena nintzen nintzen. Aldagelako azken tokia nuen. Garai horretan araudiak exijitzen zuen 19 urtetik azpiko bi jokalari egon behar zirela taldean, futbola sustatzeko gazteen artean, eta profil horretan sartu nintzen ni. Gero esperientzia onak izan ditut, Jabo Iruretarekin, pertsona aparta dena moldatzeko edozein egoerara, taldea ondo edo txarto joanda, babes gutxi izanda, jokalariekin arazoak edukita...Eibarreko garaia ere polita izan zen. Bigarren mailara igotzea lortu genuen eta mugarria izan zen. Orain barneratuta dute, baina preferentetik igo ziren urratsez urrats.  Tamalez denborak ezabatzen ditu lorpen guztiak apurka-apurka.

Harrobiko taldeetan aritu zara, zein ekarpen egin diezu zuk jokalariei?

Trebakuntzaren arazoa klubaren araberakoa da. Klubak ezartzen ditu helburuak eta ez da gauza bera mugak dituen klub batentzat lan egitea, eta Elche bezalako erakunde batentzat egitea, erraztasun guztiak ematen baititu, entrenatzaile kopuru zein bitartekoen aldetik. 

Dena den, ni klub txiroekin geratzen naiz, begiak erne baitituzte esaten diezuna barneratzeko, hobetzeko eta ulertzeko. Horiek nahiago ditut klub handietatik etortzen direnak baino. Izan ere, horiei euren inguruak maiz esaten die beste guztiak baino hobeak direla. 

Gazteak trebatzea oso zaila da euren inguruak adierazten dienean onegiak direla kide eta proiektu horretarako. Hori hainbat klubetan gertatzen da. 

“Elitean aritzen diren jokalariek ez dute jarrera oso hezitzaileak, balioen aldetik, bai futbol zelaian zein kanpoan”

Non dago futbol modernoaren arazoa?

Harrobiko futbolean ezberdindu behar da nork agintzen duen klub batean. Esaterako, Santutxun bi klub daude, Santxutxu eta Danok Bat. Euren filosofia guztiz kontrakoa da, eta bilatzen dituzten jokalariak ere. Garrantzitsua da jakitea zer nahi duen klubak. 

Dena den, nik uste dut askotan erruaren zati handi bat duela jokalariaren inguruak. Maiz jokalariari garatzen eta hazten utzi ordez, zuzendaritza egokiak jarraiki, erotzen dituzte eta sartzen dira euren hazkundean. 

Orain erronka txiki bat duzu, Laudioko jokalari ohiak hautatzea.

Esan nahi duzu erretiratu talde bat batzea? (barreak) Nik harreman ona daukat haiekin Sallekon egondako garaitik. Orain 50 urteko jendea da, Amurriokoa eta Urduñakoa ere. Nire asmoa da maila izango duen taldea osatzea. 

Egia da ospakizun baten barruan egingo den partida izango dela, baina jendea etorriko da Athletic Clubeko jokalari ohiak ikusteko, batzuk izarrak eta idoloak izan baitira eta oroitzapen hori nahiko dute.

Dena izango da polita, baina nire ustez futbol maila erakutsi behar dugu, zerbait duina egiteko. Egun polita izango da eta animatu nahi dut jendea etortzen, gure taldea laguntzeko, jakina.

Zer garrantzia ematen diozu Laudioko taldeari zure ibilbidean?

Txikitatik izan nuen babesa eta asko hobetu da. Hala ere, asmatu behar da ezartzen diren kirol helburuetan. Duela urte gutxi ikusi genuen 2. B mailan egoteak ia hipotekatu zuela CD Laudioren izen ona. 

CD Laudion 3. mailan lehiatzeko gaitasuna dago, baina horretarako beharrezkoa da jendearen babesa eta inguruko jokalariekin osatzea taldea. Gero, zailena mantentzea da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide