ERREPORTAJEA

Laudio, Hockeyaren erreferente

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ots. 28a, 07:00

Aiara Hockey Taldeko kideak Getxon. / AHF

50 urte beteko dira aurten Laudion lehenengo hockey taldea sortu zenetik: Fomento Hockey Club. Geroztik asko hazi den  kirola izan da hockeya, eta erreferente bilakatu da eskualdean. Ehunka jokalari igaro dira Aiaraldean sortutako dozenaka taldetatik, eta askok nazioarteko mailan jokatzea lortu dute.

Goi mailako Hockey hitzordua bizi zuen Laudiok iragan otsailaren 3tik 5era; Espainiako Estatuko talderik onenetariko batzuk aurrez aurre aritu ziren La Granja kiroldegian jokatutako Espainiako Areto Hockey Txapelketako finalaurrekoetan.  Ez zen kasualitatea. Izan ere, Laudion eta Aiaraldean erro sakonak dituen kirola da hockeya, eta ehunka izan dira azken hamarkadetan eskualdeko taldeetatik igaro diren jokalariak, askok eta askok nazioartean ere euren burua neurtu dutenak.

Hastapenak

1970eko hamarkadara egin behar da atzera eskualdeko hockeyaren erroak topatzeko. Francisco 'Paco' Carrera izan zen kirolaren bultzatzaile nagusia. Bere izena estu lotuta dago, ez bakarrik hockeyaren hastapenetara, baizik eta hurrengo urteetan izan zuen garapen handira ere. Carreraren egitasmoz Fomento Hockey Kluba sortu zen 1973an, Laudioko lehenengo hockey taldea.

Plentzian jokatu zuen klub jaioberriak bere lehenengo partida, Arrigunaga taldearen aurka. Talde Laudioarrak 2-4 irabazi zuen lehenengo norgehiagoka, eta Agustin Rojok, gerora Euskal Hockey Federazioko lehendakaria izendatuko zutenak, sartu zuen historia luze honetako lehenengo gola.
Urte horretan ere, lehenengo hockey taldeak sortu ziren herriko ikastetxeetan; Lamuza eta Menendez Pidal (Latiorro) izan ziren aitzindariak.

1978tik aurrera hainbat talde sortu ziren inguruan: Ganbegi 6-2 HT, Satorrak HT, Areta HT, Arabatarrak HT edota SD Llodio hockey taldea. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan  Bizkaiko Federazioaren barruan zeuden talde arabarrak eta, beraz, Bizkaiko Ligan jokatzen zuten. Hain zuzen ere, Franciso Carrera Bizkaiko Federazioko lehendakaria izendatu zuten 1983an, harik eta 1986an Arabako Hockey Federazioa sortu zen arte, Carrera buru.

1990eko hamarkada

Hockeyak egundoko gorakada bizi izan zuen hamarkada berriarekin batera. 1989-1990. denboraldian AHFan kirolean aritzeko 541 lizentzia tramitatu ziren. Urte horietan ere sortu ziren lehenengo hockey taldeak Amurrion, Aiaran eta Gasteizen.

Urte batzuk lehenago sortutako Arabatarrak HT hiru aldiz jarraian irabazi zuen Espainiako Txapelketa Emakumezkoen Gazte Mailan (1990, 1991 eta 1992). Ganbegi taldeak berdina egin zuen Emakumezkoen Gazte Mailan 1993an. Emakumezkoen Aiara HT hartuko zuen gero Arabatarraken lekukoa: 1998an Belar Hockeyko Emakumezkoen Ohorezko Ligara igo ziren, eta 2002an bigarren postua lortu zuten Areto Hockeyko Espainiako Lehen Mailan.
Hamarkada horretan ere hasiko ziren jokalari aiaraldearrak nazioarteko txapelketan lehiatzen. Asko izan ziren Euskadiko zein Espainiako Selekzioekin bat egin zutenak. Horien artean dago, besteak beste, Silvia Manrique Perez. Manriquek urrezko domina irabazi zuen Bartzelonako 1992ko Olinpiadetan.

Gardea epizentro

Gardeako zelaia izan da azken urte hauetan eskualdeko hockeyaren erreferente eta epizentro. 1994ko urtarrilean inauguratu zuten, eta egokitzapen batzuk egin ostean 2007an berrinauguratu zuten, gaur egun dituen ezaugarriekin. Berrinaugurazioan goi mailako hockey partiden lekuko izan zen zelaia. 2007ko ekainean Euskadi-Aquitania lagunartekoa izan zen zelaiak hartu zuen lehenengo partida. Hilabete bat beranduago Espainiako Selekzioak Australiako Selekzioaren aurka jokatu zuen bertan, garai hartako Europako eta Munduko txapeldunak, hurrenez hurren.

I. Hockey Egunaren lekuko izan da ere Gardeako zelaia. 2012ko ekainean 300 lagun baino gehiago elkartu ziren bertan kirolaz gozatu eta urte luzez talde aiaraldearrek egindako ibilbidea ospatzeko.

Eskualdeari lorpenak eskaintzen jarraitu du hockeyak azken urteetan ere; orain Ganbegi 6-2 taldearen eskutik. Besteak beste, 2013an eta 2015ean Euskadiko Areto Hockey Ligako Txapeldun izatera iritsi ziren. Berriki, Espainiako Areto Hockey Txapelketako finalaurrekoan Espainiako Estatuko talde onenen aurka neurtu dira; etorkizunerako pizgarri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide