Kultur sorkuntza Aiaraldean

Nazien kontzentrazio eremuetatik bizirik ateratako errepresaliatu baten dokumentala estreinatuko du Javi Gilek

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 22a, 07:00

Jose Ricen dokumentua.

Zinemagile laudioarrak ez ezik, Izaskun del Cerro urduñarrak ere parte hartu du proiektuan, musika sortuta.

España una, Portugal cero. Memorias de un prisionero de guerras dokumentala estreinatuko dute ostiral honetan Orbeko Etxean, 20:00etan.

Filma AP-68 zinema kolektiboak (Euskal Herriko eta Aragoiko kideek osatutakoa) sortu du eta Javi Gil laudioarrak egin ditu zuzendari lanak. Horrez gain, Izaskun dek Cerrok egin du musika.

Gilekin batera, Santi Ric zaragozarrak hartu ditu zuzendaritza lanak: "Hilabete osoa igaro dut Orbeko Etxean Javirekin buru-belarri dokumentalean lanean, astelehenetik igandera, dena bukatu ahal izateko".

Istorio bitxia dokumentalaren atzean

Pelikularen protagonista Jose Ric Derne da, Santi Ricen senidea, hain zuzen. "Nire abizena oso arraroa da. Behin hasi nintzen bilatzen horri buruzko informazioa eta topatu nuen Ric gehiago zeudela Bolivian. Antza, gerra hasi zenean, familiaren adar batek Frantziako Estatura ihes egin zuen eta beste batek Boliviara. Boliviako senideekin harremanetan jarri eta Jose Ric ezagutu nuen. Okzitaniako Tolosan bizi da eta bizitza harrigarria izan du", azaldu du Santi Ricek.

Bere abizenari buruz ikertzen ari zela, Santi Ric konturatu zen ezagutzen ez zuen familiaren adar batek ere ihes egin zuela gerra zibiletik

Hori dela eta, Tolosaraino jo zuen eta elkarrizketa egin zion. Irratsaio bat egiteko bazen ere, bideoz jaso zuten eta hori izan da abiapuntua filmerako.

Orwellen miliziano zutabe berean

Solasaldi horri esker Jose Ricen bizipen ugariren berri izan zuen: "11 urterekin errepublikaren aldarrikapenean parte hartu zuen eta bere anaiaren bidez George Orwellen miliziano zutabean parte hartu zuen, gero Frankismoaren preso izan zen eta beranduago nazien kontzentrazio esparru batean amaitu zuen".

AP-68ren lehen lan dokumentala

Lan neketsuaren ondoren, ostiralean 47 minutuko dokumentalaren bertsioa estreinatuko dute Laudion. Hurrengo emanaldia Zaragozan izango da zinema batean eta gero proiekzioak egin nahi dituzte Jose Ricek bisitatutako herrietan, baita Tolosan ere.

"Josek pelikula ikusi du dagoeneko eta pozik dago emaitzarekin", aipatu du Santi Ricek.

Beste bertsio bat egin dute, 40 minutukoa, jaialdietan eta lehiaketetan parte hartzeko. Ibilaldi hori amaitu arte ez da Interneten ikusgai izango. Hortaz, Orbeko Etxekoa izango da ikus-entzunezkoa ikusteko aukera egokia.

Hau izan da euskaldunek eta aragoiarrek egindako lehen lana fikziozkoa ez dena eta gogoko izan dute. Hala eta guztiz ere, zenbait pasarte birsortu dituzte. "Gerrako pasarte bat grabatu dugu Alcubierreko lubakietan El Comité kolektiboarekin, eta baita beste leku batzuetan ere", argitu du Santi Ricek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide