Sua baliatuta eman zieten amaiera Aratusteei atzo Laudion. Arratsaldeko bostetan hasi zen giroa Aldai plazan, haurrentzako jarduera eta jolasekin. Ondoren, Kolorez jantzia ikuskizunaz gozatzeko aukera egon zen Herriko plazan, eta jarraian egin zuten ospakizunari amaiera emateko ekitaldia.
Lezeagako sorgina bertaratu zen plazara, Itxarkundia dantza taldeko kideez lagundurik. Paperak eta margoak eman zizkieten bertaratutakoei, gogoko ez zutena irudikatu zezaten. Ondoren, paper guztiak bildu eta sua eman zieten, lapiko batean. Bukatzeko, suzko malabare ikuskizuna eskaini zuten.