Astelehenean goizean 08:00etan ireki zuen izen-ematea Laudioko Udalak Porrotx eta Marimototsen "Urteak bete, abenturak bizi!" ikuskizunean parte hartzeko eta ordubetean agortu ziren.
700 plazak berehala bete zituzten eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen segurtasun arauen arabera, ezingo da ikusle gehiago sartu Granka Kiroldegian, Maite Cortazar Kultura zinegotziak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez.
"Jendearen erantzuna ikusita, pentsatu genuen ikuskizuna kalean egitea, baina eguraldi petrala iragarri dute" adierazi du udal ordezkariak.
Hala ere, ekitaldiaren arrakasta ikusita, Laudioko Udala baloratzen ari da udaberrian berriro kontratatzea.