Duela hiru egun estreinatu zuen Esti Urresola Solaguren zinema zuzendariak 20.000 especies de abejas lana. Sekulako oihartzuna izan du aurkezpenak, Berlinaleko jaialdi ospetsuan lehiatu ez ezik, publikoak 10 minutuko txalo zaparrada eskaini baitzion ikus-entzunezkoari. "Ikaragarri pozik gaude izandako harreragatik. Jendea hurbildu egiten zaigu, eta bere sentsazioak konpartitzeko irrikitan dago, horrek asko hunkitzen nau", adierazio dio zinemagile laudioarrak Aiaraldea Komunikabideari.
"Sekulako oparia da ikustea pelikulak jende mota asko eta ezberdinarekin konektatzen duela"
Hiru eguneko elkarrizketa maratoia pilatu zaio, hilabete luzeetako lanaren atzetik. Hargatik, nekez baina pozez bizitzen ari da bere film berriaren festibal zikloaren hasiera: "Oso harrera maitakorra jaso dugu prentsaurrekoetan eta jaialdian. Kazetari askok galderak egin beharrean euren bizipenak partekatu zituzten. Sekulako oparia da ikustea pelikulak jende mota asko eta ezberdinarekin konektatzen duela".
Jaialdian ez ezik, Euskal Herriko zein nazioarteko hedabideetan ere aipamen ugari jaso ditu sortzaile laudioarrak: "Oso nekatuta gaude, lan handia eskatzen du guzti honek; elkarrizketa mordoa egin ditut: 3 egun daramatzat hizketan gelditu gabe, baina bihotza pozik".
Estreinaldiaz galdetuta, zirraraz eta emozioz bizi izan zuela aitortu du: "Aktore gehienak etorri ziren. Sekulako ospakizuna izan da guretzat. Fikziozko familia hura -eta hain erreala aldi berean- berriz ere biltzea, egindako lanari halako brotxea jartzeko, ederra baino ederragoa izan da".
Asteburuan izango da sari banaketa. Ordura arte itxaron beharko du Urresolak saria eskuratuko duen jakiteko. Lanak, baina, arrakastaren olatua hartua du jada.
Aiaraldean grabatu zen filmaren zati handi bat, Delikan, Laudion eta Amurrion zehazki. "Amurrion eta Delikan zati bat grabatu genuen, baina Laudio izan da gure bihotzekoa: Gardean, Arrañon eta Ermualden grabatu genuen pelikularen zatirik handiena". Alabaina, Berlineko jaialdi ospetsuko sail ofizialean euskara entzuten den lehenbiziko aldia izan da aurtengoa, Urresola Solagurenen lanari esker.