4,7 milioi euroko inbertsioa eta urtebete baino gehiagoko obra egingo dute Laudioko erdigunea uholdeetatik "behin betiko" babesteko

Txabi Alvarado Bañares 2023ko ots. 24a, 15:00

Atzo egin zuten egitasmoa aurkezteko agerraldia. / Aiaraldea.eus

Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpena Ander Añibarro alkateak, Antonio Aiz URAko zuzendariak, Arantxa Tapia sailburuak eta Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak. 

Aurrera doa Laudioko erdigunea uholdeetatik babesteko “proiektu definitiboa”. Uraren Euskal Agentziak abiatu du egitasmoa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsen 4,7 milioi euro baliatuta. Behin obrak hasita, 17 hilabete beharko dituzte lan guztiak amaitzeko. 

Helburu nagusia izango da Nerbioi ibaiaren tarte handi baten sekzio hidraulikoa handitzea. 1,3 kilometroko tartean egingo dituzte obrak, Baias kaletik Bide Zaharren artekoa. Ibaiaren sakonera eta zabalera moldatuko dituzte, funtsean. Lur bolumen handia kenduko dute horretarako, 5.525 kamioietan sartzen denaren baliokidea. Modu horretan, ibaiaren ibilgua handitu eta uholdeen arriskua nabarmen txikituko dute. 

“1983ko uholdeen ostean egin ziren moldaketekin, uholde arriskua 100 urteko errepikatze-denborara handitu zen”, azaldu zuen Ander Añibarrok atzo eginiko agerraldian, “obra berri hauekin, errepikatze-denbora hori 500 urtera handituko da”. Beste modu batean esanda: obra horiek eginda milurteko erdi batez desagertuko da 1983koaren tankerako uholde bat egoteko arriskua. “Orain arte, euri asko egin duenean kezkaz begiratu izan diogu ibaiari. Obra honek aukera emango digu begirada hori aldatzeko”, nabarmendu zuen alkateak. 

Hirigintza aukerak zabalduz

Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpena, Altzarrate zubian. Añibarrorekin batera, beste hiru pertsonek hartu zuten parte agerraldian: Antonio Aiz URAko zuzendariak, Arantxa Tapia sailburuak eta Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak. 

Antzeko gauzak aipatu zituzten guztiek. Besteak beste, nabarmendu zuten proiektua egiteak aukera emango duela Laudioko hirigintzan aldaketa nabarmenak egiteko, orain arte urbanizaezinak ziren zonalde batzuetan etxebizitza edota eraikinak jartzeko aukerak sortuko direlako. Abiatu berri den HAPOaren eztabaidara lotu zuen Añibarrok proiektua, obra honek hainbat aukera zabalduko dituelako, “hurrengo legealdietan garatu beharko direnak”. 

Arantza Tapiak, bere aldetik, nabarmendu zuen obrak udalerriko bizitza errazteko balioko duela, eta gaineratu zuen ibaiaren inguru guztietan tokiko espezieak landatuko dituztela, behin lan guztiak amaituta. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide