Aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso du Sofia Otero haur basauriarrak 20.000 especies de abejas filman eginiko lanagatik. 9 urte ditu Oterok, eta Coco izeneko haur transexualaren papera egin du pelikulan.
Esti Urresola zinemagile laudioarraren estreinako pelikula luzea beste bi sarirekin itzuliko da Berlinalenetik, Guild Film Prize eta The Berliner Morgenpost Readers Jury Award sariak ere jaso baititu. Lehen aitortza Alemaniako hiru zinema aretoetako arduradunek ematen dute. Bigarrenaren epaimahaia, aldiz, The Berliner Morgepost egunkariko 12 irakurlek osatzen dute. Euren guztien iritziz, Urresolaren filma izan da Sail Ofizialean proiektatu den onena.
Berlinaleko sari nagusien epaimahaiko burua, aldiz, Kristen Stewart aktore estatu batuarra izan da aurten. Berak eman dio saria Oterori:
Aktore gaztea Urresolarekin batera igo da oholtzara, eta eskerrak eman dizkie bere gurasoei eta filmaren grabaketan parte hartu duten kide guztiei.
Saria jaso osteko adierazpenak
Prentsaurrekoa egin dute sari banaketaren ostean. Bertan, “oso pozik” dagoela adierazi du Oterok. Nabarmendu du “familia” moduko bat osatu zela filmaren grabaketan parte hartu zuten guztien artean, eta aitortu du gustatuko litzaiokeela aktore moduan lan egiten jarraitzea.
Urresolak, bere aldetik, azaldu du beti izan zutela buruan paper protagonistarako neska bat hautatzea. “Ez genuen inoiz buruan izan mutil batekin aritzea, niretzako askoz errazagoa zelako neska bati honakoa esatea: ‘Imajinatu ezazu gainontzeko jende guztiak uste duela zu ez zarela neska bat’. Sofiarentzat askoz errazagoa zen sentimendu horrekin konektatzea. Zoritxarrez, beti ezagutzen ditugu euren klase sozialagatik edota itxura fisikoagatik erasotuak diren pertsonen kasuak, eta uste dut Sofia ez dela mundutik aparte bizi, eta guztiok ulertzen dugu gizakion sufrimendua. Barneko eta kanpoko munduak konektatzen jakin izan du Sofiak, lan asko eginez. Oso pertsona azkarra da”.
Prestaketa prozesuaz ere mintzatu da laudioarra: "Prozesu luzea izan zen, denbora asko eman genuen entseguak egiten, talde osoa zein ni eta Sofia bakarrik. Oroitzen dut istorioaren geruza ezberdinak kontatzen nizkiola eta berak kolorezko postitetan marrazten zuela nik kontatzen nuenaren arabera, eta mapa bat osatu genuen horrekin". Modu horretan, "postitezko puzzle erraldoi bat" osatu zutela azaldu du Urresolak, "zeinen bidez Sofiak ikusi zezakeen zein zen pertsonaiak egiten zuen bidea. Modu horretan, egun bakoitzean grabatzen genuela azalduta, bera gai zen grabaketa hori mapa horretan kokatzeko".
Horrez gain, zuzendariaren arabera, oso garrantzitsuak izan ziren baita beste aktoreekin eginiko lanak ere: "Harreman guztiak gurutzatzeari ekin genion, erlazio eta hurbiltasun hori sortzeko, familia barruko konfiantzak sortzen duen ‘egia’ azaleratu zedin”.
Txalo zaparrada artean amaitu da prentsaurrekoa. Hemen ikusi daitezke Otero eta Urresolaren hitzartzeak, 43. minututik aurrera:
Ikusi filmaren trailerra hemen: