Akordioa onartu zuten ostiralean Talleres Abasoloko langileek, bi hilabeteko grebaren ostean. Hala jakinarazi berri du LABek prentsa ohar baten bidez. Sindikatuak adierazi duenez, beharginek greba bertan behera utziko dute eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean sartuko dira, "gehienez bi hilabeteko iraupena izango duena".
Modu horretan, "denbora" emango diote enpresari, "langileen subrogazioarekin salmenta egin ahal izateko eta, aldi berean, sortutako zorra adostutako epeetan kitatzeko". Izan ere, greba hasi zenean, langileek lau hilabete zeramaten soldata kobratu gabe.
Enpresaren salmenta helburu
LABen aburuz, garrantzitsua da tailerra "ahalik eta epe laburrenean" saltzea, egungo bazkideekin "etorkizuneko bermerik" ez dagoela iritzita. Horri lotuta, sindikatuak nabarmendu du grebak iraun duen bi hilabeteetan zehar ez dutela enpresako bazkideekin biltzerik izan, "hauen gizatasunik eza agerian geratu delarik". "Prozesu horretan guztian, ez dira egoeraz arduratu, eta Administrazio Kontseiluko lehendakariak ere uko egin dio akordio sinatzeko bilerara joateari", salatu dute langileen ordezkariek.
Gainera, enplegua suntsitu dela salatu du sindikatuak, langileetako batzuk borondatez joan egin direlako, "dagozkien kalte ordainak galduta". "Ezin dugu onartu enpresen abandonuak enplegua suntsitzea, inolako ondoriorik gabe". Gauzak hala, akordio honek egoera konpontzeko balioko duela ondorioztatu du LABek, "beste ezein langilek eskubiderik gal ez dezan".
Urte hasieran ekin zioten grebari Tallerez Abasoloko langileek, eta ordutik hona protesta ekimen ugari egin dituzte Laudion. Pentsiodunekin edota gatazkan dauden beste zentroekin (Galvista edota Madres Mercedarias) batera mobilizatu dira, besteak beste:
🔴 Ostiralean beste urrats garrantzitsu bat eman genuen Aiaraldearen aurkako azken erasoen aurrean
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) February 13, 2023
📢 Baina ez da ezer amaitu. Datozen aste eta hilabeteak berebizikoak izango dira.
Adi hurrengo mobilizazio eta deialdietara! Aiaraldea defenda dezagun! ✊✊✊ pic.twitter.com/xSqc1coUlW