Bi urte betetzera doaz Laudion Araba Euskaraz jaia egin zenetik. Pandemiaren testuinguruan ospatutako jaia izan zen, baina hala ere ehunka lagunek parte hartu zuten egunean bertan zein aurreko hilabeteetan eginiko ekimenetan.
Ekimen jendetsuenetariko bat izan zen urte horretako martxoan eginiko '10.000 km baietz!' erronka. Egun oso batez luzatu zen ekimena, mekanika sinple bat jarraituta: parte hartzaileek nahi beste itzuli egin behar zituzten Zumalakarregi etorbideko punta batetik bestera, guztira 10.000 kilometro osatuz, euskararen alde.
Ikastolako kideek oso positiboki baloratu zuten ekimenak izandako harrera, erronka aise betetzea lortu baitzuten, eta errepikatzeko nahia jarri zuten mahai gainean.
Hori da, hain zuzen, datorren martxoaren 26an egingo dutena, “12.742 km baietz! Mundua gurutzatu euskararen alde” lemapean, luzera hori baitu lurraren diametroak. “Euskararen aldeko ekimen ludikoa” izango dela aurreratu dute, eta parte hartzea sustatuko dute horretarako “euskara, kultura, kirol, aisialdi eta gainerako gizarte eragileen partetik”.
Elkarte ehun horren ordezkaritza batek parte hartu zuen atzo Ikastolan eginiko aurkezpenean, Ikastolako kideen nabarmendu dutenez: “AEK, Arloteak, Itxarkundia, Laudio Atletismo taldea, Arte On eskolania eta Galtzagorriko ordezkariek bat egin zuten Ikastolako trikitilari, panderojole, zirko ikastun eta familiekin aurkezpen hitzorduan”.