Hurrengo legealdian ere batera aritzeko prest azaldu dira Laudioko EAJ eta PSE-EE

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 28a, 19:30

Laudioko Udal Gobernu Taldea, gaur eginiko argazki batean. / Laudioko Udala

Legegintzaldi Plana %86an bete duela adierazi du Laudioko Udal Gobernu Taldeak gaur Udalbatza aretoan egindako agerraldian. Ezusteko handiek legealdia markatu duten arren, emankortzat jo dute eta koalizioa errepikatzeko prest daudela argitu dute.

Gaur arratsaldean egin du Laudioko Udal Gobernu taldeak 2029-2023ko legealdiaren balorazioa. Ander Añibarro alkateak legealdi “emankorra” izan dela adierazi du, ezusteko handiek markatu duten arren. “Oso legealdi konplexua izan da, eta COVID-19ak eragindako pandemiaren ia bi urteri, gerra bati eta orain arte inoiz ezagutu ez dugun prezio-igoerari egin behar izan diogu aurre. Hala ere, egoerari egokitzen jakin dugu, eta 2019an gure bizilagunei egindako promesak betetzen jarraitu dugu”, adierazi du.

EAJ eta PSE-EE koalizio-gobernuko kideek azaldu dute 2019an zehaztutako Legegintzaldi Plana %86an bete dutela eta, zenbakiak “gutxi gorabeherakoak” direla aitortu arren, nabarmendu dute gutxienez lan-ildoen %93 abiarazi dituztela eta %73 amaitu dituztela. Ander Larrinaga zinegotziak argitu du helburuen %100 betetzea “utopia” den arren, “betetze-ehuneko handia” dela.

Mugarri nagusi gisa azpimarratu dituzte herrian “blokeatuta” zeuden zenbait “proiektu historiko”, hala nola “Antzokia eraikitzea, Aretako Kultura Etxea lortzea eta birmoldatzen hastea, edo HAPO berrikusten hastea”. Enpleguan “inoizko EEP handiena” egin izana nabarmendu dute, eta tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko egindako politikak ere aipatu dituzte.

Inbertsioen aldetik, “inoiz Laudion egindako inbertsioen erakarpenik handiena” lortu dutela goraipatu dute, guztira 70 milioi eurotik gora. Hirigintza arloan, auzoak eraldatzeko “inbertsio publikoaren aldeko apustua” egin dutela azpimarratu dute, eta Larrinagak aipatu du auzo guztiak berdin aintzat hartu dituztela.

Kirolean eta aisialdi osasuntsuan, azken urteetan sortutako espazio berriak aipatu dituzte: pumptrack-a, rokodromoa, kiroldegiko gimnasio eta kantxa berriak, Gardeako tenis-pista estalia, etab. Azkenik, kultur arloan, gizarte-politiketan eta herritarren parte hartzean martxan jarritako planak azpimarratu dituzte.

Koalizioan jarraitzeko prest

Loli Muriel PSE-EEko zinegotziak positibotzat jo du koalizio gobernuaren ibilbidea eta azaldu du horrek asko erraztu duela lau urteetako lana. Ander Añibarrok ere egokitzat jo du koalizioaren jarduna eta argitu du gehiengo osoak “lasaitasuna” eman dien arren “adostasunak” bilatzen ahalegindu direla, baita askotan lortu ere, aurrekontuetan, adibidez.

Hurrengo legegintzaldian koalizioan jarraituko duten galdetuta, Murielek eta Añibarrok erantzun dute “zenbakiek ematen badute” hala gustatuko litzaiekeela. “Emaitzek adieraziko dute jendeak zer pentsatzen duen gure kudeaketari buruz”, gaineratu du alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide