Bere genero identitatea eraikitzen ari den haur baten istorioa kontatzen du Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas pelikulak. Coco ez da eroso sentitzen jaiotzean esleitu zioten generoarekin eta bere buruari zein ingurukoei egiten dizkien galderen bitartez bere lekua aurkitzen saiatzen da. Horien guztien sentimenduak eta beldurrak ekarri ditu pantaila handira laudioarrak, pertsonaia beste barne mundu anitz erakutsita.
Kamerak gertutik jarraitzen die pertsonaiei, batzuetan ia dokumental kutsua emanez, eta ondo zaindutako planoen joskeraren bidez ahalik eta zintzoen kontatzen du euren errealitatea. Narrazio gordina da, inor epel ez uzteko modukoa, baina ez da sentsazionalismoetan erortzen. Etxeko giroan garatzen da istorioa, familiak amaren txikitako herrian egingo duen oporraldian. Umearen kezkak, bizipenak eta bidean aurkituko dituen oztopoak, helduek egoera onartzeko eta ulertzeko dituzten zailtasunekin gurutzatzen dira. Galderak plantea tzen dizkio bere buruari eta ingurukoei, eta ikuslea ere interpelatua sentituko da zalantzarik gabe. Cocoren babesgune bihurtzen den izebak erleen mundu anitza zabalduko dio, eta metafora horrek lagunduko du bere barneko eta kanpoko munduak lotzen.
Iragan asteko asteburuan jakin genuen pelikularen lantaldea ez zela esku hutsik bueltatuko Berlinaletik. Soilik bertan egotea bazen pozik egoteko saria, zinema jaialdi horretako sail ofizialean lehiatu den lehen pelikula euskalduna izan baita.
Jaialdiko sari banaketan beste zedarri garrantzitsu bat jarri zuen Urresolak filmarekin: protagonistaren papera betetzen duen Sofia Oterok eskuratu zuen aktore onenaren Zilarrezko Hartza. Bederatzi urte baino ez ditu basauriarrak eta sari hori inoiz jaso duen aktore gazteena bilakatu da.
Horrez gain, beste bi aitortza eman zizkioten 20.000 especies de abejas pelikulari. Aktore gaztearen lana goraipatzeaz gain, sariak Urresolaren zuzendari lan fina ere uzten du agerian. Aktoreak zuzentzea lan zaila bada, are gaitzagoa da aktore gazteekin lan egitea.
Gainera, aipatu behar da Oteroren lehen zinema lana izan dela hau. Hona ekartzea merezi duen beste gai bat euskararen presentzia da. Filmean ez da erabatekoa eta aitortu behar da gaztelania dela nagusi, baina euskarak badu bere tokia. Eztabaidatzekoa da zergatik den horren murritza, pertsonaia denak edo gehienak euskaldunak direnean. Nolanahi ere, Berlineko jaialdi ospetsuko sail ofizialean lehen aldiz entzun da euskara lan honi esker.
Amaitzeko, eskualdeko irakurle eta ikusleentzako balio erantsia du pelikulak; izan ere, inguruko hainbat leku ageri dira: Gardeako tren geltokia, inguruko auzuneak, Amurrioko igerilekuak, Ermualde, Delika... Nahi duenak, apirilaren 21etik aurrera izango du pelikula pantaila handian ikusteko aukera.