Laudioko Andaluziar Etxeak hiru eguneko ospakizuna izan du asteburuan. Ostiralean umeentzako marrazki lehiaketarekin hasi ziren eta gero txokolate jana eta disko dantza egon ziren. Loli Solis Andaluziar Etxeko presidenteak aipatu du jende andanak parte hartu zuela ekintzetan, haurrek zein helduek.
Larunbatean senidetasun bazkariarekin abiatu zuten egun bizia. Horren ostean zentroan aritzen diren musikariek eta dantzariek erakustaldia eskaini zuten.
Azkenik, Alfredo Tejada abeslariaren, Antonio Caceres gitarrajolearen eta Alejandro Rodriguez dantzariaren kontzertuak erakarri zuen jendea. Solisek gogoratu du Tejada munduko cantaor onenen artean dagoela eta, zorionez, bigarren aldiz ekarri dutela Laudiora. Halaber, presidenteak azaldu du Alejandro Rodriguez hainbat ballet konpainien eta Sara Varas taldeko dantzaria izan dela bere kabuz ibilbidea hasi baino lehen.
Igandea egun politikoena izan zen. Eguerdian ekitaldi batek hartu zuen lokala Blas Infante andaluziar aberriaren bultzatzailea omentzeko. Tokiko politikariak gonbidatu zituzten horretarako.
Argazkiak: Andaluziar Etxea