7 urte igaro dira zure lehen albuma -'Reset'- argitaratu zenuenetik. Zertan aritu zara denbora honetan zehar?
9 urteko alaba eta 6 urteko seme batekin… ez da erraza denbora asko ateratzea… Erantzun ona? Edo aitzakia ona? Ez diot denborari garrantzi handirik ematen (nahiz eta orain asko izan dela iruditu), ateratzen dudan soinuari bai, ordea. Emaitzarekin pozik egotea da beti nire helburua. Nahiago dut denbora gehiago behar izatea, slow food-ekoa nahiz eta.
Eta 7 urteren ostean iritsi da zure bigarren diskoa, 'Pause'. Kanpotik ikusita, disko "argiagoa" egin duzula dirudi, 'Reset'-ek doinu ilun eta dentsoagoak zituen. Kontzienteki hartutako erabakia izan da?
Reset diskoak narratiba iluna zuen eta kontzeptualki zein soinuz gau-giroan girotua zegoen. Pause, aldiz, egunez egindako disko bat da. Horregatik, diskoaren grafikoak argiagoak dira, nire aurreko Reset beltza ez bezala.
Disko berria ere, kanpotik ikusita behintzat, kontzeptuala dela esan daiteke. Abesti bakoitzak eguneko ordu bati egiten dio erreferentzia, goizeko zortzietatik gaueko hamabietara doan bidaia bat osatuta. Zer adierazi nahi izan duzu horrekin?
Etorkizuna orainaz gozatu gabe bizi nahi dugu. Horregatik, arreta jartzen ez dugun uneak nabarmendu nahi ditu diskoak. Ohikoa askotan apartekoa delako eta denborak pasa arte ez diogulako merezi duen arreta ematen. “Carpe Diem” esamoldeari esanahi musikala atera nahi izan diot.
Nire aurreko Reset diskoarekin kontrajarrita, eguneko diskoa da. Argi hori diskoaren soinuan eta artean islatzen da. Kolore argiak eta zuriak dira nagusi eta hori diskoaren azalean nabaritzen da, niri gustatzen zaizkidan musikaren zertzeladak jarrita.
“Beti pentsatu izan dut soinu-kutsadura gure errealitatearen parte dela”
Soinuari dagokionez, arreta deitzen du abestietan, musikaz gain, giro soinua ere baliatu duzula: kaleko soinuak, kafetegietakoak... hasieratik zenuen buruan hori horrela egitea?
Beti pentsatu izan dut soinu-kutsadura gure errealitatearen parte dela, eta nire abestiak soinu-isla kostunbristak direla. Gauza asko grabatu ditut gai bakoitzari ukitu organikoa emateko. Laudion grabatu ditut ia soinu guztiak: haurrak Herriko plazan jolasean, gosariak taberna batzuetan, ibaiaren zarata, trenaren igarotzea, tren barruko bidaia, soldadura-tailerretako makinak, euriaren soinua aterki baten azpian, elizako kanpaiak, txorien kantua mendian edo balkoietan, etab. Gitarra akustikoak etxean grabatzen nituen mp3 grabagailu batekin eta leihoak irekita, ausazko zaratak grabazio berean filtratu daitezen eta gitarra doitu gabe, soinuari lofi ukitua emateko, etab.
Diskoa plazaratu berri duzu. Baduzu aurkezpenik egiteko asmorik? Oholtza gainean ikusiko dugu Maik Falls?
Ez dut uste, baina…
Oro har, musika lasaia ekoizten duzula esan daiteke. Erritmo azkarragoek ez zaituzte erakartzen?
Beti izan dut ahulezia erritmo motelengatik, ambient musikagatik eta organikoagatik. Nire erreferentziak Air, Boards of Canada, Portishead, Björk, Four Tet eta abar dira, eta elektronikatik kanpo Nick Drake, Joy Division, Erik Satie, Brassens, Badalamenti, Cigarettes After Sex, Cocorosie, Bob Dylan, Mikel Laboa eta abar.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Beti nabil gauzak ateratzeko nahian, baina ez daukat denbora asko nahi ditudan gauzak garatu, amaitu eta kaleratzeko (ambient generoko gauzetan nagoela esango nuke). Musikaz aparte beste gauzetan ere nago murgilduta, baina ezin dut ezer esan… zeozer aterako da urte honetan…
Bukatzeko, beste zerbait gaineratu nahiko bazenu...
Entzun ezazue musika eta isiltasuna, edonon eta edonoiz. CD eta Kasete 44 aleko edizio mugatua atera dut, nire bandcamp profilean dituzue eskuragarri.