Emakume Master Cup txapelketak Areta bisitatuko du larunbat eguerdian. Bertako frontoian jokatuko dira lehiaketako finalerdiak, 12:00etatik aurrera.
Arrizabalaga-Capellan bikotea Garai-Gaminderen aurka neurtuko ditu indarrak, eta Aldai-Mendizabal eta Larrarte-Arrillaga arituko dira jarraian lehian.
ETB1ek zuzenean emitituko du saioa. Finala Zarautzen izango da, martxoaren 26an.
Gaur egin dute ekimenaren aurkezpena Laudioko Herriko plazan. Bertan parte hartu dute Laudioko Udaleko zein Herriaren pilota elkarteko ordezkariak.
Ander Añibarro alkateak nabarmendu du "ohorea" dela horrelako ekintzak Laudiora ekartzea, "gure kirolaren alde egiten dugulako eta berdintasunaren alde egiten dugulako". Loli Muriel berdintasun zinegotziak pilotaren munduan emakumeen presentzia handitzeko beharra jarri du mahai gainean "oso kirol maskulinizatua" dela iritzita.
Asier Amondo Herriaren elkarteko kideak, bere aldetik, gogorarazi du honakoa ez dela Aretan egingo den emakumeen lehen txapelketa: "Martxoaren 8aren testuinguruan, pandemia baino lehen, jaialdi bat antolatu genuen, pala eta pilota uztartuta, eta puntako pilotariekin". Bere ustez, larunbateko txapelketak balioko du herriko pilota eskola indartu eta emakume gehiago kirolera gerturatzeko.
Herriaren pilota elkarteko Asier Amondok ere parte hartu du aurkezpenean pic.twitter.com/I5rWlp3nBu
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 7, 2023