Goizetik gauera arte luzatuko da '12.742 km baietz!' ekimena, martxoaren 26an Laudion egingo dena. 9:00etan abiatuko da ekimena Zumalakarregi etorbidean, eta 10:30ean egingo dute ekitaldi nagusia.
Ondoren, kale animazioa egongo da egun osoan, Laudioko hainbat talderen eskutik: 12:00etan Andere abesbatza arituko da kantari, 12.30ean Itxarkundiako kideak dantzan, 13:15ean Arloteak ibiliko dira kalea alaitzen, 17:00etan buruhandiak aterako dira kalejiran eta 18:15ean batukadak jarriko dio erritmoa arratsaldeari. 19:00etan amaituko da ekimena.
Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute txosna egongo dela egun osoan, eta taloak zerbitzatuko dituztela eguerdian.
Laudio Ikastolak antolatu du '12.742 km baietz!' ekimena, 2021ean (Araba Euskaraz jaiaren testuinguruan) eginiko ’10.000 km baietz!’ ekimenari jarraipena emateko.
Planteamendua sinplea da: parte hartzaileek nahi beste itzuli egin beharko dituzte Zumalakarregi etorbidean barrena, modu horretan euskararen aldeko erronka kolektiboa osatzeko. Guztira 12.742 kilometroko langara iritsi nahi dute antolatzaileek, hori baita lurraren diametroa.
Atxikimendu bilketa jarri dute abian ekimenari begira motorrak berotzeko. Hainbat elkarte eta eragileren bideoak jaso dituzte dagoeneko: