50 urte beteko ditu aurten Latiorro ikastetxeak. Ibilbide luze hori ospatzeko urteurren festa antolatu dute maiatzaren 20rako. Egun horretan hainbat ekintza egingo dituzte, horien artean ikasle eta irakasle ohiak batuko dituen herri bazkaria. Guztira 400 lagun elkartu nahi dituzte Kamaraka kalean egingo duten bazkarian.
Hain zuzen ere, astelehenean -martxoak 20- jarriko dituzte salgai bazkariko 400 txartelak. Ikastetxean bertan jarriko dute hauek saltzeko postua astelehen eta ostiraletan 9:30etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Asteazkenetan ere egongo dira eskuragarri 9:30etatik 15:00etara.
Menua ere jakinarazi dute; paella edo sukalkia eta pantxineta postrea, 22 euroren truke. Elikadura-intolerantziaren bat edo alergiaren bat izatekotan zuzendaritza taldearekin harremanetan jartzea eskatu dute, zuzendaritza@latiorroikastetxea.eus helbide elektronikora mezua bidalita.
Ekintza gehiago
Bazkaria ez da izango urteurrena ospatzeko antolatuko duten ekintza bakarra. Ostiral honetan, esaterako, txokolate jana eta egurrezko jolasak prestauko dituzte Aldai Plazan, 17:30etik aurrera.
Eskolako irudia ere berritu dute 50. urteurrenaren testuinguruan. "Irudi berri honekin, aurrera doan eskolaren irudia izan nahi dugu, aurrerakoia, dinamikoa. Etorkizunari begira, horixe baita gure helburua umeak, gazteak heztea, horiek izango dira gero gure etorkizuneko ikasleen gurasoak", azaldu dute ikastetxeko kideek. "Auzokoa herrikoa! Hori adierazten baitu, hainbat eta hainbat familia belaunaldi pasatu direla gure eskolatik, eta horren oroimena izan dezatela!"
Azkenik, argazki zaharren erakusketa ere prestatzen ari dira. Horretarako herritarren laguntza eskatu dute; Latiorroko web orriaren bidez bidali daitezke irudiak.