Lamuza parkeko eta Aretako Gasteiz kaleko kantxak egokituko ditu Laudioko Udalak, "kirol anitzeko pista" bilakatzeko. Tokiko erakundeak azaldu duenez, hainbat kirol mota egin ahalko dira pista berrietan: "Futbola, futbitoa, areto futbola, saskibaloia, eskubaloia edota hockeya, besteak beste".
Horretarako, itxiera perimetrala ezarriko dute bi espazioetan, belar artifiziala jarriko dute, eta bi porteria eta bi saski atonduko dituzte.

Astelehenean ireki zuten obrak egiteko lehiaketa publikoa Udalaren kontratzailearen profilean, 124.997,72 euroko aurrekontu eskaintzarekin (BEZ barne). Behin esleipena eginda, hautatutako enpresak 12 asteko epea izango du obrak egiteko. Gauzak hala, bi pistak udarako prest egongo direla aurreikusi daiteke, esleipenaren fase guztiak ondo badoaz.