Denboraldi bikaina egiten ari da CD Laudio Ohorezko Kategorian. Orain arteko lanari esker, 54 punturekin hirugarren kokatu da sailkapenean. Aurretik Alaves C dauka, bi puntuko aldearekin eta San Viator, sei puntuko abantaila duena.
Hala ere, bihar 18:30ean Ellakurin jokatuko den partidak egoera eraldatu dezake, San Viator izango baita arerioa. Garaipena lortuz gero, CD Laudio lidergotik hiru puntura jarriko litzateke. Ondorioz, lider izatea eta 3. mailara igotzea eskura egongo litzateke.
Lehen sailkatuaren kontra jokatuko du CD Laudiok eta irabaziz gero hiru puntura geratuko da, maila igoeratik eta Errege Kopa jokatzetik hurbilago
Horrez gain, aipatu beharra dago bigarren postuan amaituko balu -edo hirugarren, Alaves C bigarren postuan geratuko balitz- Laudioko kirol elkarteak Errege Kopa jokatzeko aukera lortuko lukeela. "Meritu handia dauka, taldekideen %90 Laudiokoa baia", azpimarratu du klubeko kirol zuzendaritzak.
Taldeak gogoratu du aukera historikoa izango dela, azken urteetan ez baita maila horietara heldu. Hori dela medio, eta larunbateko norgehiagoka gakoa izango dela ulertuta, deia zabaldu dute zaleek Ellakuri bete dezaten taldea animatzeko.
Hain zuzen, azken hitzorduetan 500 lagun batu dira zurigorriak giroa berotzeko eta babes hori espero dute asteburuan ere.