Gaur goizeko eguraldiak ez dizkio gauzak erraztu Aiaraldeko Berdintasun Martxa Neurtuari. Euria eta hotza izan dira nagusi Altzarrate eta Kaskagorri futbol elkarteek antolatutako ekimenaren hasieran, baina horrek ez ditu parte hartzaileak desanimatu. Urtero bezala, ehunka herritar batu dira Amurrio eta Laudio arteko bidea osatzeko. Bi herrietatik abiatu dira parte hartzaileak, 10:00etan, eta Luiaondon hartu dute mokadua, bidean aurrera jarraitzeko gero.
Berdintasunaren aldeko hainbat mezu eta kartel jarri dituzte antolatzaileek bidean zehar, eta zozketa dinamika abiatu dute material horiekin, herritarren parte hartze aktiboa sustatzeko.
Aiaraldea Komunikabideak ekimenaren bideo erreportajea plazaratuko du bihar goizean.
Argazkiak: Altzarrate Kirol Elkartea, Rosa Saez eta Txabi Alvarado