1941ean eraikita, Alzarrate fAceros de Llodio enpresa 1992an behin betiko itxi bazuten ere, soka luzeko prozesua izan zen, zeinak Laudioko inkontziente kolektiboan oroitzapen ahaztezinak utzi zituen. Horietako bat Guardia Zibilaren tanketak herria hartu zuten unea izan zen. Irudi horiek 1984ko urtarrilaren 23an gertatu ziren, siderurgiako sektorearen protestaren testuinguruan. Hain zuzen, egun horietan Industria Ministerioaren asmoa zen 280 langile kaleratzea. “Gobernuak altzairu berezien, ontzien eta aluminioaren industria birmoldatu nahi zituen, kaleratzeen bidez, besteak beste. Sindikatuok bestelako proposamena genuen eta iritzia eta jarrera aldatu zezaten, protesta egun indartsua prestatu genuen”, azaldu du Jose Luis Navarrok; garai horretan CCOO sindikatuko ordezkaria zen.
Gauzak horrela, enpresa ugariren artean adostu zuten egun horretan komunikazio bide garrantzitsuenak oztopatzea eta trafikoa etetea Hego Euskal Herrian. “Hemen errazagoa zen. Batzuek aireportuko sarrera okupatu zuten, Ezkerraldeko Bilboko sarrera besteok, portuak... Laudion A-625 errepidea eta trenbideak blokeatzeari ekin genion”, aipatu du Navarrok.
Garai horretan laudioarrak sindikatuen eta Gobernuko ordezkarien artean Madrilen egiten ziren bileretan parte hartzen zuen. Antza, negoziazio horietan Gobernuko kideek aitortu zuten onartuko zituztela protesta bortitzak, egoera larria baitzen. “Horrelako enpresak ixteak suposatzen zuen zonalde oso bat txirotzea, eta hori bazekiten”, oroitu du Jose Luis Navarrok.
1984ko urtarrilaren 23an poliziak suzko armak erabili zituen Aceroseko beharginen aurka
Ordea, 1984ko urtarrilaren 23an hitz egindako guztia ahaztuta zegoela ematen zuen eta Laudion Guardia Zibila eta Polizia Nazionala agertu ziren mobilizazioak ezerezean uzteko. “Ez genuen inondik inora espero gertatu zena. Guardia Zibila tanketekin oldartu zen trenbidean, egoera oso arriskutsua sortuta. Ez bakarrik langileontzat, leku oso estua zelako, baita azpiegiturei zegokienez ere”, aitortu du Navarrok.
Alde batetik, sindikatuek ez zuten espero langileen protestaren kontrola galduko zutenik, eta, adibidez, behargin batzuek altzairuzko lingoteak jarri zituzten burdinbidean. Bestetik, estatuaren errepresio bortitzak jokoz kanpo harrapatu zituen.
Egoera ikusita, beharginak lantegira itzuli ziren, non polizia ezin zen sartu. “Legez, polizia ezin zen lantegiaren barruan egon, eremu pribatua baitzen. Hainbat aldiz hitz egin genuen batzarretan eta denok genekien hori”, gaineratu du Navarrok.
Dena den, poliziak legea alde batera utzi eta enpresaren azpiegituretan barneratu zen. Berriro ere, sorpresa piztu zen langileen artean eta enpresa batzordeko kideek erabaki zuten segurtasun indarrekin hitz egitea.
Enpresa batzordeko kide bat poliziarekin negoziatzera joan zen. Bat-batean, bi agente aurreratu ziren enpresa batzordeko kidearengana porrekin jotzera. Ezustean, biak lurrera bota zituen. Orduan bi ofizial agertu ziren eta horiek ere urreratu ziren. Enpresa batzordeko kidea eurekin hitz egitera hurbildu zen eta halako batean, batek pistolarekin apuntatuv zuen kidea eta tiro egin zuen. Zorionez, beste poliziak kolpea eman zion eskuan eta bala desbidertu zuen.
Ordurako, argia zen polizien eta Gobernuaren artean deskoordinazioa eta deskontrola zela nagusi. Ondorioz, ikusita langileak gertakariaren tokian batzen hasten zirela, indar armatuek joatea erabaki zuten. “Portaera erabat arduragabea izan zen poliziarena”, azpimarratu du Jose Luis Navarrok.
Errepresio uholdeak, edonola ere, ez zuen borroka gelditu, eta egun horretako arratsaldean 5.000 lagunek exijitu zuten Gobernu Ordezkariaren dimisioa.
Halaber, nahiz eta eguna tragedia hutsean amaitzetik oso gertu egon zen, Navarrok uste du mobilizazioak emaitza positiboak izan zituela: “Negoziazio mahaiak osatu ziren serioki tratatzeko birmoldaketa plana eta ez zen, une horretan, ofizialki, kaleratzerik egon, nahiz eta zuzendaritzatik zeuden dozena bat pertsonek utzi zuten enpresa".
Erreportaje honetan kontatutako pasartea Cuéntame como pasó telesailean izan zuen isla. Laudion Guardia Zibilak eginiko kargen irudiak baliatu zituzten errekonbertsio industrialaren garaia testuinguratzeko: