San Viatorren aurkako garaipenaren ostean, igoerarekin amesten hasi da CD Laudio

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 20a, 16:00

CD Laudioko jokalariek aldagelan ospatu zuten garaipena. / Alejandro Casquero

2-1 irabazi zion CD Laudiok San Viator liderrari eta asteburu honetan bigarren sailkatua izango du arerio, Alaves C.

CD Laudiok jardunaldi goxoa izan du asteburu honetan, San Viator klubaren kontra garaile izan ostean. Denboraldiaren une erabakigarrian daude laudioarrak eta ez zuten kale egin liderraren aurka. Horri esker, San Viatorrek zuen abantaila murriztu da eta CD Laudiok konfiantza hartu du igoera automatikoaren bila joateko.

Ellakurin giro ezin egokiagoa sortu zuten larunbat arratsaldean garaipena eskuratzeko. Hasteko, CD Laudioko jokalariak harrobiko umeekin atera ziren zelaira. Harmailetan ehunka lagun bildu ziren tokiko kluba animatzeko eta futbolariek ez zieten huts egin.

Lehen gola Andoni amurrioarraren ardura izan zen 17. minutuan berdinketa apurtzeko. Gol horrekin bost sartu ditu azken sei norgehiakoetan.

Bigarren gola ospatzeko 59. minutura arte itxaron behar izan zuten Laudiokoek, Unai Fernandezek egin zuen baselina bati esker.

Edonola ere, partida ez zen hor hil, eta San Viatorrek 2-1 jarri zuen markagailuan. Horren ostean, CD Laudiok eutsi zion emaitzari eta puntuak etxean geratu ziren.

Denboraldiaren hurrengo geltokia Gasteizen izango da, Alaves C taldea izango baitute aurrez aurre. Une hauetan, Alaveseko filiala bigarrena da sailkapenean eta CD Laudio saiatuko da bien arteko tartea murrizten.

Orain arte laudioarrek denboraldi historikoa egin dute, eta 2002/2003 denboraldiko marka berdindu dute; 16 partida jarraian galdu gabe. Datu horiekin, 3. mailara igotzeko eskubidea eskuratzea espero dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide