Laudioko EH Bilduk “erakusleiho politika” egin izana leporatu dio EAJ-PSEri

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 20a, 18:00
EH Bilduko kideak, artxibo irudi batean. / Laudioko EH Bildu

Laudioko EH Bilduk legegintzaldi balorazioa egin du eta gogor kritikatu udal gobernu taldearen lana. Koalizioaren iritziz, bulegoetatik egin dute lan eta ez dituzte herritarrak kontuan hartu. Oposizioko taldeak gaineratu du badela unea “gauzak beste modu batera egiteko".

Laudioko EH Bilduk amaitzear den legealdiaren balorazioa zabaldu du ohar bidez. Koaliziokideak oso kritiko azaldu dira EAJ-PSE gobernu taldearen lanarekin, uste baitute “udaletxeko bulegoetan giltzapetu” direla eta ez dutela kaleko errealitatearekin bat egin. “Ez diete auzokideei, ez gizarte taldeei ez oposizioko talde politikoei entzun. […] Lau urte gogor herri osoarentzat, alkatetzaren bulegoarentzat izan ezik, eta, gainera, harro daude horretaz”.

Izan ere, EH Bilduk adierazi du “tristura” eragin diola gobernu taldeak duela aste batzuk egin zuen legegintzaldi balantzea eta “oso larria” iruditzen zaiola EAJ-PSEk iragarri izana zenbakiek emanez gero hurrengo lau urteetan berdin jarraitzeko asmoa duela.

EH Bildu Laudioko zinegotzi den Nagore Gomarak aipatu du bizilagunen sumindura “nabaria” dela: “Izandako komunikazioa gauzaez izan da eta erabaki guztiak ateak itxita hartu dira”. Bere hitzetan, udal gobernu taldeak “erakusleiho politika” jarraitu du azken lau urteotan, eta horrek “herria nekatu du”.

Moteltasuna

Moteltasuna izan da EH Bilduk Udalari egotzi dion arazoetako bat: “Lau urte behar izan dira Antzokiko obrak hasteko; lau urte Hiri Antolaketako Plan Orokor berriaren lizitazioa egiteko; gainera, hauteskunde-programan jasotzen zuten San Rokeko adinekoentzako egoitza zaharra musikaren etxe berria izango zela eta lau urte geroago abandonatuta jarraitzen du; baserritarrei zailtasunak jarri dizkiete; hiltegia justifikatu gabe itxi dute; Kultura Etxeak legegintzaldi osoa itxita darama kultura-taldeak udalerrian zehar sakabanatuz; zinemarik gabe geratu gara, eta erabiltzaile-talde baten inplikazioari esker, zerbitzu hori suspertu egin ahal izan da. Era berean, lau urte behar izan dituzte haur parkeak eraberritzen hasteko”.

Euskararekiko izan duen jarrera ere gaitzetsi dute koalizioko kideek, “bai aurrekontuetan, bai honen sustapenean eta baita hizkuntza politiketan ere”.

EH Bilduren erronkak

Koalizioak azaldu du “erronka oso handiak” dituela, besteak beste, eraldaketa energetikoa eta biztanleriaren zahartzea. Horretarako, “herritarren lankidetza eta parte-hartze aktiboa” ardatz izango dutela azaldu dute, “herritarren ongizatea erdigunean jarrita”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide