MARIA ARAGONESES

“Medikuntza komunitarioak duen garrantziaz ohartuz goaz, baina bide luzea dugu aurretik”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 28a, 07:00
Medikuntza ikasi du Maria Aragoneses madrildarrak. / M.A.

MARIA ARAGONESESek (Madril, 1994) medikuntza ikasi du eta Laudioko Osasun Zentroan ari da erresidentzia egiten. Betidanik nahi izan du landa-eremuan mediku gisa jardun. Bizitzen ari den esperientziaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Medikuntza ikasi eta erresidentzia Laudion egitea erabaki zenuen, nolatan?

Madrilekoa naiz, eta bertan egin nuen karrera. Familia medikuntzan espezializatu nahi nuen, eta argi neukan erresidentzia iparraldeko landa-eremuko zonalderen batean egin nahi nuela. Bilatzen hasi eta Laudio zen nire nahiei hobekien egokitzen zen aukera. Ingurune natural batean kokatuta dagoen herrigune industriala, landa-eremua eta hiria nahasten diren tokia. Aukera paregabea zen.

Nondik datorkizu grina hori?

Nire aitona herriko medikua zen Segovia inguruan. Herriz herri ibiltzen zen pazienteak artatzen. Ni noizbait bere kontsultan izan nintzen, eta oso polita iruditu zitzaidan egiten zuen lana eta herritarrekin zuen harremana.

Ni Madrilen hazi naiz, hirian bertan. Oso harreman gutxi izan dut landa-eremuarekin. Erromantizatuta neukan agian, baina probatzeko gogo handia nuen eta hona etortzera animatu nintzen.

Bete ditu zure espektatibak?

Zeharo, nituen espektatiba guztiak bete ditu. Bilatzen nuen guztia aurkitu dut Laudioko osasun zentroan; dispertsio geografikoa, baserrietan isolatuta bizi diren aitona-amonak, herrigunean bizi diren herritarrak… Bizi kalitate ona dago hemen. Uste dut herritarrek naturarekin duten harreman estuagatik dela hori. Mugimendu sozial oso zabal eta interesgarria ezagutu dut ere. Espero ez nituen gauzekin ere egin dut topo. Prekarietate maila altua dago hemen: enplegu falta, etxebizitza aurkitzeko zailtasunak Alkoholismoarekin ere arazo larria dagoela ikusi dut, pertzepzio sozial batetik harago, arazo erreala da. Arrazismo ikusi dut ere, hori ez zait batere gustatu.

Proiektu komunitarioetan egon zara sartuta.

Okondoko eta Orozkoko osasun zentroetan erorikoen prebentzioaren inguruko saio bat egin genuen pazienteekin. Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta medikuntza komunitarioaren garrantziaz ohartzeko balio izan zidan.

Geroztik, medikuntza komunitarioa sustatzeko lanean aritu naiz Laudioko osasun zentrotik. Herriko emakume talde batekin proiektu komunitario bat garatzen hasi gara, besteak beste. Uste dut osasun sistemaren ardatzetako bat izan behar dela komunitatea, ezin dugu espero osasuna norbanakoarengandik etortzea. Horrelako egitasmoak garatzeko oso baldintza onak daude hemen, herritarrak eta eragileak saretzea da gakoa. Gutxika ohartzen ari gara medikuntza komunitarioak duen garrantziaz, baina bide luzea geratzen da oraindik.  Medikuak saturatuta daude, ez dute horrelako proiektuak garatzeko denborarik eza baliabiderik ere ez. Egon dira esperientzia batzuk, baina oraindik ez dago instituzionalizatuta.

Zer asmo duzu etorkizunean?

Orain praktikak egiten ari naiz Galdakao-Usansoloko ospitalean, baina aurki bueltatuko naiz Laudiora. Oraindik hiru urte geratzen zaizkit erresidentzia bukatzeko; horrek Laudioko osasun zentroa gehiago ezagutzeko eta proiektu desberdinak gauzatzeko aukera eskainiko dit.  Erresidentzia bukatzean, inguruan geratzea gustatuko litzaidake. Oso gustura nago hemen, inguru atsegin batekin egin dut topo, eta lan egiteko bilatzen ditudan baldintza guztiak betetzen ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide